Hauteskundeak, etxebizitza eta borrokarako beharra
Hauteskunde kanpaina bat noiz hasi eta bukatzen den bereiztea gero eta zailagoa den arren (etengabeko kanpaina batean bizi garela dirudi eta), datozen hilabeteetan bereziki tematuko dira hautagaiak donostiarron arazoei erantzuteko daukaten gaitasunaz konbentzitzen. Donostiaren kasuan, etxebizitzaz arituko dira denak, ezinbestean, baita etxebizitzaren negozioaren eta espekulatzaileen instituzioetako aliatu fidelenak ere.
Horren adibide okaztagarri bat ikusi nuen aurrekoan, sareetan. Hipokrisia, zinismo eta lotsagabekeria ariketa tamalgarri batean, nor eta Borja Corominas, PPko hautagaia, etxerik ez duen donostiar baten testigantza jasotzen ari zen, etxebizitzaren auziarekin botoak lortzeko saiakera traketsean. Jakina, etxerik gabekoa donostiarra zen, eta zuria. Hala ez balitz, Corominas bera litzateke lo egiten duen kanpin denda kendu edo puskatzearen aldekoa, edo afaria ematen diotenei jarduna debekatu eta jazartzearen sustatzailea.
«Hauteskundeetan gure arazoak konponduko dituztela saltzen diguten politikari profesionalen fartsa etengabe errepikatzen da»
Alderdi instituzionalen konplizitate edota ezintasuna ez da eskuinera mugatzen. Zenbatetan entzun ditugu Espainiako Gobernua zein bera sustengatzen duten alderdiak etxegabetzeak debekatu dituztela esanez? Zenbat jendek galdu ditu etxeak, zenbat militantek jarri dute gorputza indar polizialen aurrean, debekatuta omen zeuden etxegabetze horiek gelditzen saiatzen? Nola sinetsiko diegu oraingoan, esaten digutenean haiek etxebizitzaren krisiari aurre egingo diotela?
Marxek zioen historia errepikatu egiten dela, lehenik tragedia moduan, eta bigarrenik fartsa moduan. Ba, zer nahi duzue esatea, hauteskundeetan gure arazoak konponduko dituztela saltzen diguten politikari profesionalen fartsa etengabe errepikatzen da, eta gure ardura da fartsa hori seinalatu eta horrekin amaitzea.
Etxebizitzaren arazoa joko elektoralerako tresna hutsa izan ez dadin, etxebizitzaren auzian langile klasea antolatu, eta instituzioekiko modu independentean antolatu behar da. Batetik, etxebizitzaren negozioarekin langileon kontura aberasten direnen, espekulatzaile eta errentatzaileei aurka egiteko. Bestetik, etxebizitzaren negozioaren aurkako benetako neurriak hartzeko prest ez dauden alderdi sozialdemokratek etxebizitza eskubidearen aldeko borroka instrumentalizatu ez dezaten.
Zentzu horretan, hitzordu garrantzitsua daukagu urriaren 2an, ostiralean, manifestazio bateratuak antolatu baitituzte Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek. Donostiako hitzordua 19:00etan izango da, Bulebarrean. 18:00etan, gainera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanblada herritarra antolatu du, etxebizitzaren arazoari nola aurre egin hitz egiteko eta borroka antolatzeko. Kaleetan ikusiko dugu elkar.

