Historikoa
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak autobusen inguruko hitzarmen “historikoa” saldu dute. Bidaiariak direla eta, Dbus eta Lurraldebus eskumen lehian izan dira. Ustez, Lurraldebusek bidaiariak herri batetik bestera eraman beharko lituzke, baina maiz Donostia barruan mugitzeko erabili ohi dugu, batez ere Gipuzkoako txartel bakarra atera zenetik. Horrek eragina du konpainia bakoitzaren irabazietan eta zerbitzuen planifikazioan.
Behin-behineko konponbide gisa, Mugiren hastapenetan, bi erakundeek konpentsazioa sinatu zuten, Lurraldebusek Dbusi “lapurturiko” bidaiarien ordainetan. Etorkizunerako erronka, baina, zerbitzuan lehian aritu beharrean, elkarren osagarri bihurtzea zen. Zoritxarrez, ez da horretan pausorik eman. Are, duela urte batzuk aldundiak konpentsazio hori ordaintzeari utzi zion. Duela gutxi, lehengo adostasuna berreskuratu dute. Alkatearen esanetan, lehengora bueltatze hori “historikoa” izan da. Ulertu nahi dut historiko horrekin esan nahiko zuela dagoeneko ikusia genuela.
Aipatu berri dudanak baino oihartzun handiagoa izan du, noski, erdigunerako trafiko zirkulazioaren aldaketak. Kasu honetan ere, “historikotzat” saldu zaigu. Oraingoan behintzat bada aurrerapauso bat, txikia bada ere. Funtsean, orain arte egindako gauzen (onen zein txarren) kontsolidazioa da; hor zehar egindako esperientzia batzuk hartu (Bartzelonan eta abar) eta Donostiako egungo errealitateari jantzi dizkiote.
Auto kopuruaren gakoetako bat aparkaleku eskaintza da. Bertakoentzat itxi duten horretako lurgaineko aparkalekuak egun bertakoentzat dira; zaharrak berri, beraz. Egun apenas dago lur gaineko errotazio aparkalekurik. Lurrazpiko aparkalekuei dagokienez, eremu itxiaren ertzetan daudenak mantenduko dira (berriak eginda). Hau da, aparkalekuetara joateko kale nagusi horietan, aurrera baino, atzera goaz; erdiguneko aparkalekuak bertakoentzat gorde beharrean, errotazioko berriak atondu dira.
Aparkalekuaz gain, erdigunetik pasatzeko beste arrazoietako bat ekialde-mendebalde ardatza da. Hor etor daiteke aldaketa nagusia, Askatasun hiribidea eta San Martin kaleko bere zati paraleloa autoarentzat ixtea aurreikusi baita. Bizikletak irabaziko lituzke bi ardatz horiek. Eta garraio publikoa zein oinezkoen ibilbide berriak prestatuko lirateke. Ikusi behar autobusekin asmatzen den. Dena den, Kontxa autoentzat ixteko asmoa dagoenik ez dirudienez, auto trafiko handi bat Bulebarrera pasako litzateke, aparkalekuetara doazenekin batera.
Berebiziko ekimen apurtzailea izan gabe ere, hitz ederrez hornitu dute proiektua. Behintzat diskurtsoa hedatzeko balio du, halako edukiak jendartean errotu, eta atzera bueltarik izan ez dezaten. Baina ondo legoke egitasmo historiko horien artean, erdiguneko parkintzarrak eta Kontxako auto jarioa bai bihurtzea oroitzapen historiko.