Korronteak harrapatuta
Duela urte batzuk, eskarmentu asko duen surflari batekin hitz egiten ari nintzela, itsasoan erreskatatzen genituen pertsonen erregistro edo kontaketa egitea proposatu zidan. Nazkatuta zegoen egoerarekin, bizitza guztia zeramalako jendea uretatik ateratzen. Datu hauek jaso eta gero, hondartzak kudeatzen dituzten arduradunei bidali, eta, bide batez, urtero errepikatzen den egoerari konponbide ahalik eta aproposena jartzea zen asmoa.
Arazoa ondorengoa da: Donostiako hiru hondartzak urtean lau hilabetez soilik daudela sorosleen babespean (Euskal Herriko hondartza gehienak bezala). Aldiz, donostiarrok urteko egun guztietan erabiltzen ditugu hondartzak; surflari, piraguista eta igerilari moduan edo bainu bat soilik hartzeko intentzioarekin hurbiltzen direnak.
Hau horrela izanik, pentsa dezakezue uda garaitik kanpo, norbaitek uretan larritasun egoera bat izanez gero, zein izango den jasoko duen laguntza. Egoera larrian bazaude eta zorte asko baldin baduzu, piraguista, surflari edo igerilari trebe batekin topo egin dezakezu… baina hau, esan bezala, zorte kontua besterik ez da.
«Sorosle gabe, banderarik gabe, korronteen arrisku ikurrik gabe eta uretako motorik gabe, ezinezkoa da milaka pertsonen segurtasuna bermatzea»
Egunotako beroaldien eraginez, Zurriola, Zarautz eta beste hainbat hondartzatara milaka pertsona gerturatu izanak, betiko arazoa bistaratu eta areagotu du. Zurriolan, Groseko Indarra parean sortzen den korronte gogorrean harrapatuta geratu ziren pertsonak erreskatatzen pasatu zituzten hainbat egun bertako kideek, monitoreek eta hondartzako beste hainbat surflarik. Zarautzen beste hainbeste, surf eskola eta boluntario ibili ziren surflarien artean erreskate pila egin zituzten. Asko izan dira freskatzera itsasoratu eta korronteak harrapatuta atera ezinik ibili diren pertsonak, kontaezinak esango nuke, eta surflarien laguntzari esker atera dira onik.
Surflariok friki hutsak gara, egun guztia pasatzen dugu itsasoari begira, non eta nola puskatzen den olatu bakoitza, ea korronte asko dagoen begiratzen, aztertzen norantz eramango gaituen «txurro» horrek eta abar. Olatura gerturatzeko erabiltzen ditugu korronte hauek askotan (igogailu bat balira bezala), itsasotik ateratzeko besteetan eta, batzuetan, korrontean harrapatuta geratzen gera gu ere, eta gaizki pasatzen dugu, nola ez.
Pertsona guztioi dagokigu arduraz jokatzea itsasoratzean, noski, baina sorosle gabe, banderarik gabe, korronteen arrisku ikurrik gabe eta uretako motorik gabe, ezinezkoa da milaka pertsonen segurtasuna bermatzea. Kontuz ibili eta korronteak ez zaitzala eraman.

