Kristalezko bola
Ikasgelan eserita nago, Jose Martiren argazkiaren aurrean, 6 urte ditut. Haizagailua piztuta dugun arren, ez da gehiegi nabaritzen. Garondotik behera doaz izerdi tanta potoloak azkar oso, eta goizeko zortziak dira gure Habanan. Izen sobietarra duen irakasleak, misterioz josita, sekretu bat duela aipatu berri digu. Antza denez, etxean kristalezko bola bat du, eta bertan gure etorkizunen zertzeladak jasotzen ditu maiz.
Morez irudikatu dudan bola horri esker, autoak izugarri maite dituen ikaskidea bertan taxilari lanetan ikusi ahal izan du. Ezkerrean dudan jatuna, bolaren sakontasunean, sukaldari famatu bilakatu da. Gatazka guztiak akabatu nahian dabilen txiki hura abokatu eta Estatu Batuetako robot berria ekarri duena teknologia munduan arituko da, ingelesez, bete-betean.
Laster ingeles klasean sartuko gara, eta bertan irakasle jamaikar horren txiste onen artean, batak besteari eztarriko tunel iluna erakutsiko diogu elkarri, barre algaraka. Giro onez sinetsiko dute gehienek ingelesa izango dela euren bizitzako hizkuntza garrantzitsuena. Egia esan, goitik iristen zaigu musika on asko, eta jakin gabe zer esaten ari diren ere, abesten dituzte, ditugu. Hitzak hala moduz jarrita, gaizki ahoskatuta. Etxean Takolo, Pirrutx eta Porrotxen kasetea entzuten dut. Liburuxka duenez, letrak badaude, baina oraindik ez dakit hain azkar irakurtzen. Orain arte zer esaten zuten jakin gabe ere, abesten ari nintzen. Gure komunitateko kide bat itzultzaile lanetan izango dut alboan, behin baino gehiagotan.
«Ez dakit irakasleak bere bolan hau dena ikusi ote zuen […]. Ez zidan esan Donostian biziko nintzela, euskara etxeko hizkuntza hautatuko nuela eta harekin nire intimitate sakonena ezagutuko nuela»
Urte gutxi batzuk pasatu ostean, Habanako malekoian egongo naiz lagunekin, cocuyo bat baino ilunagoa izango den gau baten azpian, olatuak talkaka, gitarra baten akordeen artean. Gazteleraz eta ingelesez botako dira abestien proposamenak. Inork ez du jakingo arratsalde horretan negar pixka bat egin nuela Ken 7ko lehenengo diskoak bere azken hatsa botako baitu. Liburuxka mimo handiz gordeko dudala ere ez dute jakingo. Letrak zatika deszifratzen hasiko naiz, laguntzaz, emeki-emeki euskarak gordetzen duena hobeto ulertuz.
Ez dakit irakasleak bere bolan hau dena ikusi ote zuen. Agian bai, eta sorpresa sekretupean gordetzea erabaki zuen. Ez zidan esan Donostian biziko nintzela, euskara etxeko hizkuntza hautatuko nuela eta harekin nire intimitate sakonena ezagutuko nuela. Ez zidan aipatu aurten Euskaraldian Hamaikakoa osatzen duten kideetako bat izango nintzela, ezta zein harro sentituko nintzen aukera hau jasotzeaz ere.
Ikasgelan eserita nago, euskaltegian, 30 urte beranduago. Nire irla baino bost aldiz txikiagoa den herri baten parte naiz. Ez naiz abokatua eta ez naiz izango. Baina izango banintz ere, aski argi dut hemen egongo nintzatekeela, euskararen eskubideen alde eta euskaldunen identitatearen alde. Justiziaren alde beti, benetako justiziaren alde.