Miriam Nurnberg
Miriam Nurnberg iazko abenduan hil zen New Yorken, 100 urte zituela. Hainbat esparrutan aritu bazen ere, Donostia izan zuen bigarren etxe, erretagoardia moduko bat. Mario Salegiren bikotekide izan zen 1952tik, eta haren alargun 2005az geroztik. Mario erbesteratutako euskal militante historikoa zen. Miriam, berriz, Holokaustoak suntsitutako familia judu batekoa. Biek batera osatu zuten XX. mendeko erbeste politikoaren eta euskal askapen mugimenduaren historiako bikote berezienetako bat.
Elkar ezagutu zutenean, Mario Salegik 34 urte zituen eta Miriam Nurnbergek 27. Salegi Espainiako Errepublikaren garaian militante komunista izan zen lehenik, eta, gero, ANV alderdira batu eta Eusko Indarra batailoian borrokatu zen gerran. Frankismoaren garaipenaren ondoren, Aliatuentzat espioitza sareetan jardun zuen, harik eta AEBetako ontzi batek New Yorkera eraman zuen arte. Bigarren Mundu Gerran ere parte hartu zuen, AEBetako armadarekin, Pazifikoko kanpainan.
Gerra amaitzean, euskal diasporarekin harremanetan hasi zen, eta New Yorken, Brigada Internazionalen omenezko ekitaldi batean, Miriam ezagutu zuen. Une hartatik aurrera, biek euskal kausaren aldeko jarduera publiko eta klandestinoetan jardun zuten. Makartismoaren urte gogorretan, AEBetako gobernuak Mexikora kanporatu zituen. Miriamek Kimikako doktoretza amaitu berria zuen. 1959an, «sorgin ehiza» baretu zenean, New Yorkera itzuli ziren. Miriamek Columbia Unibertsitatean lortu zuen lana, eta, urteekin, hainbat Nobel saridunen laborategietan ikertzaile aritu zen.
«Eztabaida politikoetan, Mariok grinaz hitz egiten zuen. Miriamek, aldiz, ikuspegi estrategikoa eta hausnarketa ekartzen zituen»
Bikoteak Democratic Spain izeneko komitea sortu zuen, frankismoaren aurkako erresistentziarentzat dirua biltzeko. Han parte hartu zuten, besteak beste, Waldo Franck idazleak, Arthur Miller dramaturgoak eta Julio Alvarez del Vayok. Egoitza Mario Salegik Broadwayn irekitako liburu dendan zuten, Ibero American Booksen. 1964an, FBIko bi agente agertu ziren bertan, denda ETAren estalki bat zela esanez. Dirudienez, agentziak Salegik eta Txillardegik Bruselan izandako elkarrizketaren berri izan zuen. Urtebete geroago, Espainiako presioen ondorioz, dendak ateak itxi behar izan zituen. Handik aurrera, Julen Madariagarekin harremanetan jarri, eta euskal komite berri bat sortu zuten, euskal presoentzako laguntza ekonomikoa antolatzeko. 1970eko Burgosko Prozesuaren garaian, Mario eta Miriam aktiboki aritu ziren New Yorkeko protestetan, Euskal Etxeko gazteekin eta diaspora irlandarrarekin batera.
Garai hartan, Mario maiz joaten hasi zen Ipar Euskal Herrira. Han ezagutu zituen garaiko errefuxiatuak: Peixoto, Argala, Txapela, Makazaga, Ezkerra, Txiki eta beste hainbat. Aldi berean, ETAren Zutik eta Hautsi buletinak banatzen hasi zen AEBetan. Erakundeak ezizen bat eman zion: Carlos Legazpi.
Mariok eta Miriamek ehunka gutun bidaltzen zituzten hilero euskal diasporara, aktibistei eta unibertsitateei, argitalpenak banatu eta diru laguntzak eskatzeko. 1977tik aurrera, urtero etortzen hasi ziren Euskal Herrira, oporretan. Gainerako hilabeteetan, berriz, New Yorkeko etxea babesleku bihurtu zen AEBetan bizitzen edo ikasten hasteko asmotan ziren euskal herritarrentzat. Handik pasatu ziren, besteak beste, Maria Zamacola, Bernardo Atxaga, Ainhoa Arteta eta Mirentxu Purroy.
Etxe hartako solasaldiak amaigabeak omen ziren. Eztabaida politikoetan, Mariok grinaz hitz egiten zuen. Miriamek, aldiz, ikuspegi estrategikoa eta hausnarketa ekartzen zituen. Biek batera, erbestea, konpromisoa eta nazio askatasunaren aldeko lana uztartu zituzten bizitza osoan. Mario Salegiren errautsak Euskal Herriko mendi batean zabaldu zituzten 2005ean. Miriamek berariaz eskatu zuen bere errautsak ere toki berean barreiatzeko.

