Igarotako bidearen kronologia bat

Norberarenak direnak

Hiriko auzoetatik eta kaleetatik barrena mugitzeko ordutegi finkoa ere badugu, antza. Arratsaldea luzatu behar baduzu eta beranduago etxeratu, hobe duzu ordulariari begiratu. Ez dadila bidea itxi zu konturatu gabe.

Izan ere, parke bat gurutzatu behar baduzu edo igogailu publiko bat erabili, hobe duzu ordutegia kontuan eta kontrolpean izan. Donostiako Udalak erabakitzen du noiz eta nola egingo duzun etxerako bidea, noiz egongo diren herritarron eskura eta erabilgarri mugikortasun egiturak.

Hementxe hainbat ordutegi, badaezpada ere: udalak 19:30ean ixten ditu Aieteko eta Miramarreko parkeak; 21:30ean Gladys Enea; 23:00etan igogailu, arrapala, eskailera mekaniko eta igogailu inklinatu publikoak. 08:00ak arte, ezin baliatu; hortaz, ezin erabili baldintza berdinetan.

 

«Ez luke udalak bermatu beharko azpiegitura publikoa behar bezala prestatuta egongo dela bere erabilera librerako? Izan eguerdiko eguzkipean edo goizeko ordu txikietan?»

 

Eta hona hemen zuzeneko galdera, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak irakurtzea nahiko nukeena: zer gertatzen da hiriko espazioak eta mugikortasun baliabideak erabiltzeko aukera kentzen, mugatzen edo ezberdintzen denean? Zer ondorio ditu horrek eguneroko —edo gaueroko— bizitzan? Nork erabakitzen du, edo erabaki beharko luke, noiz eta nondik mugitu nahi duten herritarrek? Ez al luke norberak hartu beharko horrelako erabakia? Ez al luke udalak bermatu beharko azpiegitura publikoa behar bezala prestatuta egongo dela bere erabilera librerako? Izan eguerdiko eguzkipean edo goizeko ordu txikietan?

Parke bat ixtea edo igogailu bat geldiaraztea ez da erabaki teknikoa, soilik. Eta ezin dugu erabaki hauen ondorioei buruz eztabaidatu, kontuan hartu gabe herritarroi aukera ezberdinak eskaintzen zaizkigula. Bide luzeagoa egin behar duenak, eskailerak igo ezin dituenak, gurpil aulkia erabiltzen duenak edo gauez taberna itxi eta lanetik ateratzen denak ez duela aukera berdina izango azpimarratu nahi dut.

Espazio publikoa segurtasunez erabili ahal izateko, eskaini aukera guztiak, eta norberak erabakiko du zein bide hartzen duen etxera iristeko eta zein bide kontsideratzen duen seguru.

Eztabaidatu dezagun hiriaren mugimenduaren inguruan, baina askatasunari uko egin gabe. Utz diezaiogun norberari hartzen norberarenak diren erabakiak: nondik, nola eta noiz.

HITZAkide HITZAkide