Triki-traka, triki-traka, Eusfera!
Testuinguru horretan, Taupa mugimenduak bultzatutako Eusfera tresna une egokian dator. Helburua argia da: euskara sustatzeko komunitatea sortzea, familiei lagunduz, euskaldunak izan ala ez, eta hizkuntza naturala, egunerokoa eta partekatua duten espazioak eraikiz. Euskara ez delako ikasgeletatik soilik mantenduko: parkeak, plazak, dendak eta etxebizitzak behar ditu.
Eusfera ez da hutsetik sortzen. Auzoan berriz ari da sare sendo eta konprometitu bat ehuntzen: Euskara Batzordea, IGEa, ikastola eta zazpi eragilek osatzen duten Sarroeta Auzo Elkartea elkarlanean ari dira, egoera iraultzeko. Horrek erakusten du auzoak ulertzen duela hizkuntza biziberritzea ahalegin kolektiboa dela.
«Auzoan berriz ari da sare sendo eta konprometitu bat ehuntzen […]. Horrek erakusten du auzoak ulertzen duela hizkuntza biziberritzea ahalegin kolektiboa dela»
Asteburu honetan eta hurrengo asteko arratsaldeetan, urrats esanguratsu bat egingo dugu: Euspazio bat sortuko dugu. Ane Gomez Landa artistak horma irudi komunitario handi baten margotzea gidatuko du, eta auzoko haurrak, familiak eta bizilagunak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Kontua ez da margotzea soilik: elkar aurkitzea, ezagutzea eta euskara modu naturalean partekatzea, oztoporik gabe.
Gogoratu behar da ikastolako patioa urte luzez apaindu duten mural guztien artean, bat berezia dela, eta Euspazio honetan mantentzea erabaki dela. Auzoko hezkuntza komunitateak 2014an Imanol Urbieta musikari eta pedagogoaren omenez egindako muralaz ari gara. Bera izan zen euskal kantak ikasgeletan helburu pedagogikoekin erabiltzen hasi zenetako bat, eta bera da Martuteneko trena abesti mitikoaren egilea. Omenaldi hura mural batean islatu zen, eta mural berrien artean geratuko da, oso iraganetik datorren eta etorkizunera proiektatzen den kate baten katebegi gisa.
Martuteneko trenaren murala eta Urumea gure auzoko ikurrak dira, eta hala izaten jarraituko dute: etsipenari aurre egiten dion eta gure haurren aldeko apustu irmoa egiten duen auzo baten lekuko biziak. Euskarak zaintza, presentzia eta maitasuna behar dituela barneratu duen komunitate baten adierazgarria da.
Garaiz gabiltza oraindik. Komunitate bat norabide berean mugitzen denean, gure hizkuntzak arnasa hartu, eta loratu eta indartu egiten baita.

