Trikimailua
Dakizuenez, Donostiako Udalak radar mugikorrak ditu gure kaleetan barreiatzeko. Finko eta ageriko horiez gain, nonahi jarri daitezkeen batzuk ditu, zelatan. Gainera, non eta arauak urratzen diren tokietan jartzen ditu. Fede txarrez.
Denon segurtasuna eta lasaitasuna aitzakia hartuta, herritarron poltsikoei erasotzen die, nahi dugun abiaduran joate hutsagatik isunak jarrita. Administrazio publikoak herritarron lepotik bizitzeko egiturak baitira, guri sosak nola ostu bila beti.
Dena den, zorionez, kasu honetan abantaila bi ditugu mehatxuari aurre egiteko. Batetik, udalbatzak hala eskatuta, udala radar mugikor horien kokapenaren berri ematera beharrean dago. Hau da, iragarri egiten digu zein kaletan zelatatzen gaituzten. Horrela badakigu zein kaletan utz diezaiokegun muga gainditzeari.
Bestetik, hainbat erok –barkatu, erratu egin naiz– hainbat heroik helburu hartu dute jakinarazpen horren berri ematea guztioi. Kapa gabeko heroi horiek Whatsapp edo antzeko taldeetan zintzo asko esaten digute non jarri diren tranpa horiek.
Zoritxarrez, herritar prestu horien lan eskerga ez da nahikoa. Administrazio publikoak badaki informazio hori ez zaigula beti garaiz iristen, ala ahaztu egiten zaigula. Ezin dugu beti gogoan izan non jarri urratu ditzakegun segurtasun neurriak.
Hori dela eta, trikimailu txiki bat proposatzera natorkizue, isunak jasotzeko arriskua erabat ekidite aldera. Administrazioak derrigor jarri behar ditu abiadura markatzeko karteltxoak. Herritar guztiok berri ez badugu ere, karteltxo horietako abiadura errespetatuz gero, ezin omen digute isunik jarri.
Bada, aprobetxa dezagun amarru hori eta ondo izorra ditzagun administrazio diruzaleak. Denok arauak edonon eta edonoiz betez gero, akabo isun bidegabeek sorturiko irabaziak. Hartara, ez dugu aritu beharko radarrak non dauden gogoratzen eta Whatsapp taldeetan horren berri ematen.
Eskertuko nizueke trikimailu honen berri ematea, eta Whatsapp taldeetan heroiren batek radarren kokapena iragartzean, bada, aipatu hau.