Turistifikazioa eta etxebizitza, borroka beraren bi fronte
Urriak 23an, hitzordu garrantzitsua dugu Antiguan. Urteak dira Donostiak daukan turismo basatia jasangaitza bilakatu zenetik, eta hori hirian bizi den edonork argi ikusi dezake. Afera ez da turistak gustuko izan ala ez izan, turistifikazio prozesuak hiriko langile klasearentzat dakartzan ondorioak baizik. Esan ohi den bezala, “ez da turismofobia, klase borroka da”.
Egoerak okerrera egin du, eta egun, ordea, turistifikazioaren aurkako borroka inoiz baino apalago dago. Jarki antolakundetik, turistifikazio prozesua salatzeko kanpaina egin dugu udan zehar, eta ez gara turistifikazioaren gai espezifikoa jorratu dugun bakarrak, Saretxe etxebizitza sindikatuak eta Bizilagunekin plataformak ere gai honi heldu diote udan zehar, azken honek urteak daramatzalarik problematika hau landu eta mobilizazioak antolatzen.
Borroka honetan aurrerapausoak eman behar direla sinisten dugu, eta gai honen inguruan sakondu, eztabaidatu eta hausnarketa partekatua egiteko helburuarekin, urriaren 2-an mahai-ingurua antolatua genuen Txantxarreka Gaztetxean, aipatutako hiru eragileen artean: Saretxe, Bizilagunekin eta Jarki.
Estatu espainiarrean piztu den etxebizitzaren aldeko borrokaren olatuaren indarra probestuz, Euskal Herrian borroka hau hauspotzeko agertokiaren aurrean gaudela uste dugu, eta hala identifikatu dute ere Euskal Herriko etxebizitza sindikatu ezberdinek. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak astearteko mobilizazioan plazaratutakoarekin bat egiten dugu, klase antolakuntza eskatzen du egoera gordin honek, nazio mailako borroka antolatua, Euskal Herria izango duena marko eta bertako sindikatuak indartuko dituena.
Turistifikazio prozesuak langileok gure auzoetatik kanporatzen gaitu, norbera hezitako auzoan bizitzea luxua bilakatzeraino. Eta hau etxebizitza merkantzia izatearen ondorio zuzena da. Errotuta dagoen merkatal ekonomiaren ondorio zuzena. Eta tamalez ez dago hori errotik alda dezaken dekretu edo legerik. Prezioak gora doaz eta eskaria behera, salerosketak finkatzen du gure etxebizitza izateko gaitasunaren etorkizuna.
Bi borroka fronte hauek, etxebizitza eskubidearen aldekoa eta turistifikazio prozesuaren aurkakoa, borroka beraren parte dira, eta bide horretan, urriak 2 ostiraleko mobilizaziora batzeko deia luzatzen dugu. Honek mahai-inguruaren data aldaketa suposatzen du, beraz, urriaren 23an ikusiko dugu elkar Antiguako Txantxarreka Gaztetxean.
Etxebizitzaren bermearen alde,
Euskal Herri Langilea batu!
Turistifikazio basatia gelditu!

