Udarari ere, laster arte!
Uda amaitzen denean, konturatzen gara zenbat iraun duen. Ez egutegiak esaten duelako, ez irailaren 21a iritsi delako, baizik eta Donostiak berak erakusten digulako. Hondartzetako zarata amaitzen denean, terrazetako mahaiak hutsagoak ikusten direnean eta arratsaldeek lehen baino motzagoak diruditenean, badakigu uda badoala. Eta, harekin batera, urteko garai horrek ekartzen duen zerbait ere galtzen dugu: denbora motelago pasatzen denaren sentsazioa.
Donostian, uda ez da urtaro bat soilik. Egun eguzkitsuetan kaleak jendez betetzen dira, txikitako oroitzapenak ekartzen dizkigun patata frijitu eta barkillo usaina datorkigu Kontxako pasealekuan, hondartzetan ia ez dago lekurik eta terrazek etengabe gonbidatzen gaituzte bertan esertzera.
Baina udara amaitzen denean, dena bere lekura itzultzen hasten da. Hondartza ez da desagertzen, noski, baina beste modu batekoa da. Zinemaldia amaitu eta alfonbra gorria altxatzen dugunean, beste Donostia bati ematen diogu ongi etorria. Behobiarako entrenatzen dabiltzanak gehiago dira eguzkia hartzen dutenak baino. Terrazetan hutsik geratzen diren aulkiak ugaritzen hasten dira. Trafikoa, haurren motxilak, laneko ordutegiak, bilerak eta alarma goiztiarrak ere bai. Eta Donostiak, udan horrenbeste zukutu dugun hiriak, berriro hartzen du bere erritmo normala.
«Agian, horregatik sentitzen dugu hainbesteko nostalgia. Ez dugulako uda soilik faltan botatzen, baizik eta udan izan garen hori ere bai»
Agian, horregatik sentitzen dugu hainbesteko nostalgia. Ez dugulako uda soilik faltan botatzen, baizik eta udan izan garen hori ere bai. Presarik gabe gosaltzen zuena, inolako planik gabe arratsaldea hondartzan pasatzen zuena, iluntzean paseatzera atera, eta etxera itzultzeko ordurik ez zuena eta baita lagunekin zerbait hartzeko edozein aitzakia bilatzen zuena ere.
Uda amaitzeak badu kontraesankorra den zerbait. Alde batetik, ohiko errutinara itzultzea lasaitasuna ere bada. Etxeko erritmoa berreskuratzen dugu, hiria gureago sentitzen dugu, eta kaleek ere badirudi arnasa hartzen dutela berriro. Baina, bestetik, badakigu zerbait amaitu dela. Ez dira soilik egun luzeak amaitzen; errutinatik ihes egiteko aukera txiki horiek ere desagertu egiten dira.
Eta, agian, hor dago nostalgiaren sekretua: udari ez ezik, udan bizi izan ditugun uneei esaten diegulako «laster arte». Kontxako azken bainuari. Saguesko horma gainean luzatutako arratsaldeei. Lagunarteko afari luzeei. Etxera bidean oraindik goxo dagoen kaleaz gozatzeari. Eta, batez ere, uda oraindik amaitu ez zela sinesten genuen une horiei.
Orain, egunak laburtzen hasi dira. Baina, oraindik, badaude hondartzan oinutsik ibiltzeko arratsaldeak, terraza batean azken tragoxka hartzeko aukerak eta eguzkia Santa Klara uhartean ezkutatzen ikusteko momentuak ere. Agian, uda, ez da egun batean amaitzen. Pixkanaka joaten da, ia konturatu gabe. Eta guk joaten uzten diogu. Baina urtero bezala, hurrengo udaren zain geratuko gara.

