'Atzera begira, Dinamitarekin' ibilaldi historikoa, 36ko gerraren 90. urteurrenean
'Atzera begira, Dinamitaren' ibilaldi historikoa, Maria Cristina hotelaren kanpoaldean.Beñat Parra Bigarren urtez jarraian, Atzera begira, Dinamitarekin ibilaldi historikoa antolatu dute IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour taldeak elkarlanean. Atzo egin zuten, uztailaren 22an, hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistaren ondoren, Loiolako kuarteletako militarren eta Donostiako herri milizia antifaxisten arteko Amarako borrokaldi handiak hasi ziren egunean. 90 urte bete berri dira 36ko gerra hasi zenetik.
Bretxatik hasita eta Amara auzoraino, 36ko gerra Donostian nolakoa izan zen ezagutu zuten ibilaldian parte hartu zuten 25 pertsonek, baina ez soilik, XIX. mendeko Donostiako eta Gipuzkoako langile mugimenduaren nondik norakoak ere azaldu baitzituzten Josetxo Etxeberria eta Xabier Erauskin Dinamita Tourreko kideek.
Izan ere, 36ko gerran, herri antolatuak militarrak mendean hartzea lortu zuen, baita bi hilabetez legalitate berri bat ezarri ere, irailaren 13an frankistak sartu ziren arte —Manuel Chiapuso militante anarkista ezagunak Donostiako Komuna deitu zuena—, eta hori ezin da ulertu XIX. mendetik zetorren langile antolakuntza ulertu gabe.
Horrela, gerrako borroka guneak, emakumeen kartzela eta beste hainbat gune bertatik bertara ikusi zituzten parte hartzaileek, gidarien azalpenak entzun bitartean, eta Kasilda Hernaezen moduko militante garrantzitsuen inguruko anekdotak ere ezagutu zituzten, besteak beste. Era berean, ibilaldiaren bidez, Donostian 1936an faxismoa garaitzea lortu zuen Donostia antifaxista aldarrikatu zuten. Hemen irakur dezakezue iazko ibilaldiaren kronika zabala, eta, jarraian, atzokoaren laburpen bideoa ikus dezakezue:

