Azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egingo du IRUTXULOKO HITZAk
IRUTXULOKO HITZAren erredakzioaren artxiboko irudia.IRUTXULOKO HITZA Asteazkenean, hilaren 11n, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian etxebizitza zein lan arloko sindikatu nagusiek, etxebizitza eskubidearen alde. Espekulazioarekin bukatzeko eta etxebizitza duin bat edukitzeko eskubide unibertsala aldarrikatuko dute Donostiako, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko kaleetan.
Aldarrikapen horiek geure eginda, Donostiako etxebizitzaren egoera larria izanik, IRUTXULOKO HITZAko langileok bat egingo dugu greba deialdiarekin, herritar guztion bizitzak duintzearen alde.
Horrela, prentsan ohikoa izaten den moduan, azaroaren 11n bertan grebak Donostian izango duen oihartzunaren berri eman ahal izateko, lantaldeko kazetariek eta diseinatzaileak euren jarduna etengo dute aurreko egunean, azaroaren 10ean (asteartea). Hortaz, egun horretan, ez da ezer argitaratuko Irutxulo.hitza.eus webgunean, erredakzioa geldirik egongo baita. Administrazio arloko lankideek, aldiz, hilaren 11n bertan geldituko dute euren jarduna, eta, beraz, ezingo diete zerbitzurik eman Hitzakideei, iragarleei edo bestelakoei.
Bestalde, asteazkenean, azaroaren 11n, grebaren Donostiako jarraipen berezia egingo dugu, eta unean uneko informazioak, argazkiak eta bideoak ikusi ahal izango dituzue gure webgunean eta sare sozialetan. Era berean, ostiral horretan argitaratuko dugun astekarian (hilak 13), grebak Donostian emandakoaren laburpena argitaratuko dugu, bestelako edukiekin batera.

