Azaroaren 11ko greba orokorreko mobilizazioak, Donostian
Goizetik arratsaldera, hainbat mobilizazio iragarri dituzte sindikatuek Donostian, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrerako. 12:30ean eta 18:00etan izango dira manifestazio nagusiak.
Martxoaren 17ko Hego Euskal Herriko greba orokorreko Donostiako mobilizazio bat; bertan ere presente egon zen etxebizitza eskubidearen aldeko aldarrikapena.Joseba Parron San Sebastian Greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herriko etxebizitza zein lan arloko sindikatu nagusiek asteazkenerako, hilaren 11rako, etxebizitza eskubidearen alde. Horrela, Donostian, zenbait mobilizazio iragarri dituzte sindikatuek, goizetik arratsaldera. Espainiako Estatu osoan deitu dute grebara.
Donostian, 12:30ean izango da goizeko manifestazio nagusia, Pio XIIaren plazatik abiatuta, gehiengo sindikalak deituta: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk egin dute deialdi bateratua. Horren aurretik, mobilizaziora joateko hiru zutabe antolatu dituzte: 11:30ean, Antiguako tunelekoa aterako da eta, 11:45ean, Anoetakoa eta Norteko geltokikoa. Era berean, 08:30ean, manifestaziora deitu du ELA sindikatuak, Pio XIIaren plazatik abiatuta.
Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek ere grebarekin bat egin dute, eta 12:00etan egingo dute euren manifestazioa, Alderdi Ederretik abiatuta. Horrez gain, “maizterren elkarteek eta mugimendu sozialek” arratsalderako deitutako mobilizazioetan parte hartzera ere deitu dute.
Arratsaldean, elkarretaratzea eta manifestazioa
Arratsaldean, 18:00etan abiatuko da etxebizitza sindikatuek eta lan arloko gehiengo sindikalak antolatutako manifestazioa, Bulebarretik abiatuta. Horren aurretik, 17:00etan, elkarretaratzera deitu dute zenbait gizarte eragilek Bulebarrean, grebarekin bat eginez.
Erraustu gazte feminista taldeak, Donostiako Bilgune Feministak, Donostiako Asanblada Transbollomarikak, Intxaurrondoko talde feministak, Bizilagunekin plataformak, Añorgako talde feministak, Donostiako Asanblada Feministak eta Gipuzkoako Trans Asanbladak antolatu dute 17:00etako elkarretaratzea, eta, ondoren, 18:00etako manifestazioarekin bat egingo dute.
Auzoetan
Eguerdiko manifestazioen aurretik, zenbait auzo bira eta bestelako mobilizazioak antolatu dituzte Donostian. Antiguan, esaterako, gosaria egingo dute Bentaberriko maizterrekin —Eusko Jaurlaritzak berriki iragarri du Blackstone putre funtsari erosiko dizkiola etxebizitza horiek—, 08:30ean. Handik gertu, Ibaetako campusean, 10:30ean, gosaria egingo dute ikasleek aularioan, eta 11:00etan abiatuko da euren zutabea, tunelerantz.
Altzan, Larratxoko familia baten etxegabetzea dago aurreikusita goizean, eta, beraz, kaleratzea gelditzera deitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, 08:00etan, Larratxo pasealekuko 14. zenbakian.
Parte Zaharrean, pikete informatiboa abiatuko da 09:30ean Ikatz kaletik, eta auzoko blokea Plaza Berritik abiatuko da 11:45ean, 12:30eko manifestaziora. Mobilizazio horren ondoren, 14:30ean, bazkari autogestionatu kolektiboa egingo dute Guardetxean.
Añorgan, 09:00etan, auzo bira egingo dute, Amassorrain ikastetxetik abiatuta. Ondoren, Antiguako zutabearekin bat egingo dute. Arratsaldean, 18:00etan, kalejira zaratatsua antolatu dute auzoan.
Egian, 10:30ean, auzo manifestazioa egingo dute, Plaza Haunditik abiatuta; ondoren, 12:30ean Pio XIIaren plazatik aterako den manifestazioarekin bat egingo dute.

