Dantza, antzerkia eta zirkua sustatuko ditu IRUTXULOKO HITZAk, LABOren eskutik
Ezkerretik hasita, Ana Barrantes, Aizpea Aizpurua, Naike Usabiaga eta Ion Estala, LABOko eta IRUTXULOKO HITZAko kideak.Andrea Bosch IRUTXULOKO HITZA eta LABO elkarlanean ari dira, Donostian arte eszeniko garaikideak sustatu eta herritarrengana gerturatzeko helburuarekin. Hitzarmen honen bidez, dantza, antzerkia eta zirku garaikidearen inguruko kultur eskaintza ezagutarazi eta diziplina horien ikusgarritasuna handitu nahi dute bi eragileek.
LABO arte eszeniko garaikideen erakusleihoa da. 2017an sortu zen Donostian, NODE konpainiaren eskutik, eta dantza, antzerkia eta zirku garaikidea ditu ardatz. Hizkuntza eszeniko berriak lantzen dituzten proposamenei lekua eskaintzen die, sortzaileak, kultur eragileak eta ikusleak elkartzeko gune izanik.
IRUTXULOKO HITZAk, bere aldetik, tokiko kulturaren eta sorkuntzaren berri emateko konpromisoa berretsi nahi du, bi eragileek hirugarrenez berritu duten elkarlan honen bidez. Komunikabidearen bitartez, LABOk bultzatzen dituen ekimenak eta arte eszeniko garaikideen inguruko proposamenak herritarrengana hurbilduko dituzte.
LABO XL 2026
Gaurtik igandera, LABO XL jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute hiritarrek Tabakalerako eta Gazteszenako guneetan, konexioak ardatz. Lau egunez, dantza, antzerkia eta zirku garaikidea izango dira protagonista. Ikuskizunez gain, profesionalen arteko topaketak egongo dira. Hemen irakurri dezakezue hedabide honek Ion Estala antolatzaileari egindako elkarrizketa.

