Donostiako euskaltzaleak elkar topatu eta erronka bateratuak bilatzeko, topaketak egingo ditugu azaroaren 16an
San Telmo Museoan izango da, azaroaren 16an, 9:30etik 13:30era
Topaketa hauen jatorrian dago azken hamar urteetan euskararen aldeko hiriko mugimenduan emandako aldaketak. Auzo askotan euskara batzordeak martxan jarri dira, herritar euskaltzaleek hiriko erakunde eta eragile askotan dihardute eta Donostiako iritzi publikoan badago euskararen aldeko adostasun orokor bat. Hala ere, mugimendu horren baitan badaude behar batzuk identifikatuta eta horiei erantzun nahi diete topaketa hauek.
Euskararen alde garatzen diren ekimen eta hauetan dabiltzan pertsonen arteko ezagutza; hiriko euskaltzaleen ikuspegiak partekatu eta bateratzeko beharra; eta elkarrekin lantzeko erronkak identifikatzeko premia.
Topaketen bidez lortu nahi dena da, hobeto saretzea euskaltzaleak informazio trukea eta elkarlanari begira, hiriko eztabaidetan eta hiriko norabide orokorrean euskaltzaleen eragina handitzea eta mugimendua bere erabakiak hartzeko eta bere ikuspegi propioa lantzeko autonomia izatea.