2015eko Donostiako udal hauteskundeetako datuak, auzoz auzo
Bost dira Donostiako alkate izateko aurkeztu diren hautagai nagusiak; batzuek hautagaitza errepikatzen dute, eta beste batzuk berriak dira. Eneko Goia aurkezten da berriz ere EAJrekin, azken lau urteetan Donostiako alkate izan ostean. PSE-EEren kasuan ere ezaguna da hautagaia, Ernesto Gascok errepikatzen baitu zerrendaburu gisa. EH Bilduk, ordea, aurpegi berri bat aurkeztu du Donostiako alkate izateko: Reyes Carrere eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohia. PPri dagokionez, Gipuzkoako politikan ezaguna den hautagai bat aurkeztu dute: Borja Semper. Irabazi Donostia koalizioa Elkarrekin Podemos koalizioarekin doa aurten, eta zerrendaburua ere berritu du: Aitzole Araneta da alkategaia.
Testuingurua ondo aztertzeko, 2015. urtera joan beharra dago. EH Bilduko Juan Karlos Izagirre zen alkatea garai hartan, eta koalizio abertzaleak zortzi zinegotzi zituen. PSE-EE zen zinegotzi gehien zituen bigarren indarra, zazpi ordezkarirekin, eta EAJk eta PPk sei zinegotzi zituzten. Urte hartako hauteskundeen ondoren, ordea, bi eserleku galdu zituen EH Bilduk, eta baita alkatetza ere. EAJ izan zen bozkatuena, eta sei zinegotzi izatetik bederatzi izatera pasa zen. Eneko Goia izendatu zuten alkate gehiengo soilarekin, PSE-EEk eta EH Bilduk zurian bozkatu baitzuten. PSE-EEk sei eserleku eskuratu zituen, eta berarekin osatu zuten udal gobernua jeltzaleek. PPri dagokionez, zituen zinegotzi kopurua erdira jaitsi zuen, seitik hirura pasatuz. Azkenik, bi zinegotzirekin sartu zen Irabazi Donostia koalizioa udalean. Mapan ikusi daitezke 2015eko udal hauteskundeetako datuak, auzoz auzo.