Erromesek ez dute aterpe propiorik
Claret ikastolaren aterpea itxi zenetik, Donejakue bidea egiten duten pertsonek udalaren gazte aterpetxeak eta ostatu pribatuak erabiltzen dituzte gaua pasatzeko.
Urtean zehar 25.000 erromes inguru pasatzen dira Donostiatik. Kostaldeko Donejakue bidea egiten dutenek, batez ere, udaberrian eta udan bisitatzen dute hiria. Dena dela, ez dute aterpe propiorik lotan geratzeko. Pasa den urte bukaeran itxi zuten Claret ikastolaren aterpetxea, eta ordutik ordezko baten bila dabil Gipuzkoako Erromesen Elkartea. Donostiako Udalari eskaera ugari egin dizkiote, baina ez dute proposamen zehatzik jaso.
Udalaren bi gazte aterpetxeak dira erromesentzako aukera merkeenak. Biak ala biak Gazteria sailak era zuzenean kudeatzen ditu, eta erromesak hartzeko ateak zabalik dituzte. Nolanahi ere, gaur egun Donejakue bidea egiten dutenek ez dute lehentasunik udalaren aterpeetan. «2015ean Euskadiko turismo legea aldatu zen, eta ordutik aurrera udalak erabaki zuen gazteentzako aterpeak ez zirela turistikoak izango. Aldiz, erromesentzako aterpeak turismo legearen bidez kudeatzen dira», azaldu du Gorka Goiatxe Gazteria saileko arduradunak.
2017ra bitarte prezio bereziak zituzten erromesek udalaren gazte aterpeetan. «Prezio merkeenak zituzten, nahiz eta 30 urtetik gorako adina izan. Lehentasuna 30 urtetik beherako gazte, talde eta eskolek dute, besteak beste. Aldaketak haserrea eragin zuen erromesen artean», azpimarratu du Goiatxek. Horri aurre egiteko irtenbide bat bilatu behar dela gaineratu du.
Ondarretako aterpeak 100 ohe ditu, eta Uliakoak 60. Erreserbarik egin ezean, egunean bertan iristen diren erromesek soilik aukera dute lotan geratzeko oheren bat libre baldin badago. «Ez dira lehentasuna, ez prezio aldetik eta ezta ere antolaketari dagokionez. Horrela ere, etortzen direnetan goiko solairuetan kokatzen ditugu atsedena har dezaten». Izan ere, elkarbizitzarako ez dira leku errazenak gazte aterpeak. «Goizeko ordubatak arte izaten dugu irekita, eta askotan zaila izaten da gazteekin izan dezaketen elkarbizitza. Kexa asko jasotzen ditugu zentzu horretan», azaldu du Goiatxek.
Elkarlana da irtenbidea
Erlijioarekin lotura estua du Donejakue bideak, eta 2015ean Unescok Munduko Ondare izendatu zuenetik interes orokorrekoa da. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak aintzat hartzen du Donejakue bidea, eta erromesentzako baliabideak erraztearen aldekoa da. Donostiako egoerarekin kezkatuta daude, eta Gazteria sailarekin harremanetan jarri ziren. «Kezka udal gobernura bideratu zen, eta aurreko legealdia bukatu aurretik bilerak egin dituzte», dio Goiatxek.
Hiriko egoerari irtenbide bat emateko erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela uste du Gazteria saileko arduradunak. Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren, Jaurlaritzaren eta Elizbarrutiaren esku dago adostasun bat lortzea Donostian erromesentzako aterpe propio bat jartzeko. Udaleko Turismo eta Kultura alorrek ere har dezakete ardura irtenbide bat bilatzeko. «2009tik hona Kostaldeko Donejakue bideak garrantzia hartu du eta hiriari falta zaio horri erantzuna ematea, batez ere, sortzen diren kexengatik. Erakundeen arteko adostasuna behar da», nabarmendu du Goiatxek.
Donostiara iristen diren erromes askok buelta erdia ematen dutela nabarmendu du Gipuzkoako Erromesen elkarteak. Horri aurre egiteko, Andoainen duten aterpera bideratzen dituzte erromesak. Horretarako trena hartu behar dute, eta hasiera batean pentsatua zuten ibilbidetik atera behar dira. Horregatik, Donostian bertan aterpe bat kudeatzeko prest daude, eta baliabideak dituzte eskaintzeko. Ordea, udalari lokal bat erraztea dagokiola diote.