Munillak Familia Santuko parrokoa kargutik kendu duela salatu dute
Erabakiaren atzean Amarako elizak duen lursailaren ustiapen urbanistikoa dagoela berretsi dute.
Amarako Familia Santua parrokiako kontseiluak salatu duenez, Jose Ignacio Munillak iragarritako “mehatxua” bete du. Gotzainak Jose Martin Artola parrokoa kargutik kendu du. Igandea izango da bere azken eguna parrokian.
Abuztua hasieran, kontseiluak oharra atera zuen Munillak egindako adierazpenak gezurtatzeko. Besteak beste, adierazi zuten parrokoaren kargugabetze edo lekualdatzearen arrazoi nagusia lursailaren ustiapen urbanistikoa dela. Gotzaindegiak Familia Santuaren parrokia dagoen lursaila saldu nahi duela berretsi dute.
Parrokoari agurra
Gotzainaren erabakia dela eta, parrokoa agurtzeko bi jarduera antolatu ditu kontseiluak. Larunbatean, agur eta eskertza kontzertu bat antolatu dute 19:45ean. Parrokiako musikariek parte hartuko dute. Igandean, berriz, eguerdiko 12:00etan azken familia meza emango du, eta nahi dutenek agurtzeko aukera izango dutela adierazi dute.