Hiriko jaietan puntu moreak jartzea eta horietan jasotako datuak ezagutzera ematea onartu du udalbatzak
EH Bilduren mozioak aurrera egin du Elkarrekin Donostiaren eta PP-ren babesarekin. EAJ-k aurka bozkatu du eta PSE-EE-k ez du bozketan parte hartu, minutu batzuk lehenago udalbatza aretotik alde egin duelako.
Udalak hiriko jaietan puntu moreak jarri eta horietan jasotako datuak ezagutzera eman ditzala onartu du udalbatzak urriko udalbatzarrean. EH Bilduk aurkeztutako kontrol mozioak Elkarrekin Donostiaren eta PP-ren babesa jaso du, eta proposamenak aurrera egin du EAJ-ko zinegotziek aurka bozkatu duten arren. PSE-EE-ren udal taldeko kideek, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotzia tarteko, ez dute bozketan parte hartu, minutu batzuk lehenago Elkarrekin Donostiako Haizea Garaik eginiko adierazpen batzuen harira udalbatza aretotik irtetea erabaki dutelako.
Udalbatzarrean onartutako testuaren arabera, udalak salaketa puntuak jarri beharko ditu hiriko jaietan, eta puntu horiek jai gunera, egitaraura eta aurreikusitako jende kopurura egokituta egon beharko dute. Gainera, salaketak jarri ditzaketen emakumeen beharrak asetzeko prest egon beharko dira, eta genero indarkerian adituak diren profesionalen laguntza zerbitzuak eskaini beharko dituzte.
Horrez gain, udal gobernuak puntu moreetan jasotako salaketak kontabilizatu eta publiko egin beharko ditu, kexa kopuruak, testigantzak eta gertakariak ezagutzera emanez.
Jada halako zerbitzuak eskaintzen dituzten eragileei dagokienez, mozioak zehazten du udal gobernuak eragile horiek jarritako bestelako puntuetan jasotako salaketak erregistratu beharko dituela, eta baita Berdintasun sailak auzoetako jaien aurretik emakumeen taldeekin koordinazio bilerak egin eta sinergiak sortu beharko dituela ere.