Goiza aprobetxatu duenak ez du damurik izango
Parte Zaharra eta Gros jendez bete dira goiz partean, eta beste hainbat auzotan giro onean aritu dira euria hasi den arte. IRUTXULOKO HITZAk argazki bilduma osatu du.
San Tomas egunak eguraldiaren bi aurpegiak ezagutu ditu. Goizetik arratsaldeko lehen ordura arte eguraldi onaz gozatu ahal izan dute kalera atera den jendetzak. Pixkanaka, ordea, eguzkia ezkutatu, hodeiak kostaldetik agertu eta euri zaparradekin zeharo petraldu da.
Parte Zaharreko giroa lasaia izan da lehen orduan –10:00etatik 11:00etara–, baina ordutik aurrera jendez bete da Konstituzio plaza. Auzoko kaleetan ere kostata ibil zitekeen, eta gauza bera gertatu da Sarriegi plazako postuetan, eta Bretxako inguruetan –talogileen postuan, bereziki–. Trinitate plazan, berriz, emakumeak izan dira protagonista. Pala, esku pilota eta aizkolari txapelketak jokatu dituzte.
Bulebarra ez da hutsik geratu, eta are gutxiago Gipuzkoa Plaza. Bazkaltzeko gune egokiagoa bihurtu da jendetzatik ihes egin, eta patxadaz mokadu bat jan nahi zutenentzat.
Groseko aukera
San Tomas egunak Donostiako erdigunera daramatza pertsona eta familia asko, baina hirian badira eskaintza bera edo hobea duten auzoak. Grosekoa sobera ezaguna da, Txofreko plazan egiten dena. Antolatzaileetako batek hedabide honi adierazi dio azken urteetako jendetsuena izan dela lehen ordutik. Egia esan, postu guztiak gainezka egon dira, eta baita plaza gorria, non hainbat jarduera egon diren haur, gazte eta familientzat.
Hauxe duzue goizetik eguerdira bitarteko irudien bilduma; Parte Zaharretik Loiolako santomasetaraino!