Historian idatzita geratuko den haur danborrada
Aitor ikastolako Malena Cornago eta Bittor Gaztelu hiritarrek irakurri dute haur danborradako diskurtsoa. Egiako ikastetxeak mugarri bat ezarri du 2020ko San Sebastian egunean.
San Sebastian egunean 5.000 neska-mutil inguruk parte hartu dute haur danborradan. Historian, lehen aldiz, Easo Ederraren eta Ohorezko Damen pertsonaiarik ez dira izan desfilean. Aitor ikastolako Malena Cornago eta Bittor Gaztelu hiritarrak arduratu dira diskurtsoa irakurtzeaz, udaletxeko balkoitik. Egiako ikastetxeak mugarri bat ezarri du harturiko erabakiarekin.
Eguerdiko 12ak baino lehen hartu dute hitza Cornagok eta Gazteluk haur zein donostiar guztien izenean. Aldarrikapen hitzak izan dira:
“Badakizue, amets daukagu, eta amets hori zuekin konpartitu nahi dugu. Maite dugu gure herria, maite dugu Donostia. Eta gaur gure egun handia da, goza dezagun. Gure ametsa Donostia koloretsua izatea da. Kolore horien artean, berdea. Donostia berdea izatea nahi dugu ke gutxiago eta bizikleta gehiagorekin. Donostia euskalduna nahi dugu, euskaraz nahi dugulako hitz eta jolas, ikasi eta bizi. Donostia parekidea nahi dugu, neska eta mutil guztiak berdintasunean. Donostia alai eta dibertigarria nahi dugu, gure auzo eta kaleetan jolastu nahi dugulako. Hauxe bai Donostia ederra. Astindu ditzagun danborrak, entzun ditzatela mundu osoan, eta esan dezagun ozen: festara! Gora Donostia! Gora donostiarrak!”.
Ondoren, Aitor ikastolan prestaturiko bertsoa kantatu dute. Jarraian bertsoaren letra eta bideoa:
“Donostiar guztioi
kaixo ta zer moduz
gure egun handia bete danbor soinuz
beti gure hitzetan euskara mantenduz
ta ezberdin den oro
gurekin onartuz
borobila litzake
ordena aldatuz
hau kontuan hartuta
segi disfrutatuz”
Alderdi Ederren elkartu dira haur danborradako 48 konpainiak. Guztira, ordea, 41 ikastetxek parte hartu dute; horietako zazpik bina konpainia atera dituztelako. San Sebastian martxa 12:00etan puntuan jo dute, Aimar Capa Harri Berri Oleta ikastetxeko Danbor Nagusiaren gidaritzapean. Eneko Goia alkatea eta beste hainbat udal ordezkarik ikusi dute udaletxeko balkoitik haur danborradaren hasiera. Baita ere, Urrezko Danborra minutu gutxira jaso duten Realeko futbol eta hockey taldeko jokalariek.
IRUTXULOKO HITZAk haur danborradaren argazki bilduma osatu du.