Bezeroak itzuli dira, baina tabernak ez daude salbu
Hiriko taberna gehienak bi hilabeteko itxialdiaren kolpea gainditzeko gai izan dira, baina okerrena oraindik iristear dagoela uste dute ostalariek. Bizi duten egoera euren ahotik ezagutzeko asmoz, hiriko poteo gune nagusietako batzuetatik pasa gara: Parte Zaharretik, Matia kaletik eta Groseko Karkizano eta Zabaleta kaleetatik.
Udaberria bi hilabeteko atzerapenarekin iritsi zaie Donostiako ostalariei, dagoeneko hosto gehienak galduak dituztenean. Izan ere, gero eta gehiago dira konfinamendutik atera ahala loratzen ari diren tabernak, eta, fasez fase jauzika bada ere, hiriko paisaiari bere ohiko koloreak bueltatzen hasi dira pixkanaka.
Dena den, panorama ez da batere eguzkitsua, koronabirusaren pandemiak ondorio ekonomiko latzak eta argi-ilunez beteriko etorkizun bat ekarri dituelako berarekin. Izan ere, tabernek itxialdiaren eraginez pilatu duten zorrari errentagarriak izateko zailtasuna batuko zaio orain, lokal eta terrazen edukieraren mugatzearen ondorioz.
Zer eragingo duen horrek? Nork daki. Gipuzkoako Ostalarien Elkartearen eta Donostiako Udalaren arabera, behintzat, oraindik garaiz da pandemiak hiriko ostalaritzan izango duen inpaktua neurtzeko. Baina tabernariek, euren partetik, oraindik nabaritu ez dugun desastre baten atarian gaudela azpimarratzen dute: itxierak, lanpostuen galerak, ohitura aldaketak… Krisialdi berri bat, alegia.
Hala ere, iragarpenak iragarpen, tabernari gehienak lanera bueltatzeko gogoz agertu dira, hemendik aurrera osasun ekonomikoari osasun neurriei bezain beste erreparatu beharko dieten arren. Bizi duten egoera euren ahotik ezagutzeko asmoz, hiriko poteo gune nagusietako batzuetatik pasa gara (Parte Zaharra, Matia kalea eta Groseko Karkizano eta Zabaleta kaleak), hango sei tabernarirekin hitz egiteko.
“Ikatzen denok irekiko dugu, edo asmoa hori da, saiatzea behintzat”
“Hurrengo urtean egoerak hobera egin arte eutsi beharko dugu”
“Tabernak ixten ari ez badira ere, lanpostu asko galdu daitezke”
“Bezeroak gure ogia dira, eta alboan izango ditugula erakutsi digute”
“Entzun dudanagatik, lehen kolpe honen eraginez auzoko hamalau taberna itxi dira”
“Egoeraren benetako larritasuna udazkenean ikusiko dugu”