Suziriaren metxa pizteko itxaron beharko dute
Jende pilaketak saihesteko neurriak hartu dituzte erakundeek udarari begira, eta hiriko eta auzoetako jaiak bertan behera utzi dituzte iraila arte. Haatik, jai batzordeek eta festen antolatzaileek ez dute geldirik egoteko asmorik.
Konfinamendu neurriak arindu ahala, espazio publikoa eta pertsonen arteko harremanak berreskuratzen ari dira herritarrak. Hala ere, COVID-19a hedatzeko neurri askok indarrean jarraitzen dute: esaterako, jende pilaketak saihestea. Hori dela eta, joan den maiatzaren 19an, auzoetako jaiak bertan behera geldituko zirela jakinarazi zuen Donostiako Udalak, Aste Nagusia eta udako beste zenbait jaialdi bezalaxe. Donostiako Festak erakundeak ohar bat helarazi zien hiriko jai batzorde guztiei, udan zehar egitekoak ziren auzoetako jaiak bertan behera utziz, irailera arte.
Festa horien antolakuntzan ibiltzen diren hainbat pertsona eta eragilerekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak: Mariaje Torresekin, Donostia Festak-eko zuzendaria; Ainhoa Estebanekin, Igeldoko Ttonttorro jai batzordeko kidea; Ane Lazkanorekin, Herrerako jai batzordeko kidea; Ane Goitiandiarekin, kaiko Karmengo jai batzordeko kidea; Maider Arriolarekin, Groseko Zipotz jai batzordeko kidea; Bittor Hernandorekin, Donostiako Piratetako kidea; eta Maggie Bullen antropologoarekin.