Udako bi turismo kanpaina abiatu ditu udalak
Donostia zein inguruetako bisitariei eta Espainiako turistei zuzenduriko udako bi kanpaina abian jarri ditu Donostia Turismoak. “Hiria turismogune moduan sustatzeko eta bertako kontsumoa estimulatzea da helburua”, azaldu du Cristina Lage Turismo zinegotziak. Uda honetan hemen geratuko naiz eta Arnastu Donostia dira kanpainen leloak. COVID-19aren eraginez, udaleko turismo saila “errealitate berrira” egokitu behar izan dela azpimarratu du.
Lehena donostiarrei eta inguruko bisitariei zuzendu diete: “Animatu egiten ditu euren hiria eta eskaintzen duen guztia berriz ere aurkitzera, sektoreko enpresa txiki donostiarra ere susta dezaten”, azaldu du Lagek. Gainera, Donostia Turismoaren webgunean turismo esperientzien eta jardueren deskontuak lortzeko aukera eskainiko dute.
Bigarren kanpainak, berriz, Donostia “turismogune bereziki, gertuko, seguru, lasai eta kalitatezko gisa” aurkezten duela esan du Turismo zinegotziak, eta estatuko turistei zuzendurikoa da –sarean soilik gaztelaniazko bideoa ikus daiteke–. Donostia Turismoaren webgunean eta bulegoetan proposamen bereziak lortzeko aukera egongo da. Kanpaina Espainian zabalduko dute sarean publizitate programatikoaren bidez. Era berean, 40 milioi inprimaki plazaratu eta zabalduko dituzte. “Mugak ireki ahala, nazioartera ere zuzenduko da kanpaina”, adierazi du Lagek.