Radarraren zain jarraitzen dute Amara Berriko auzotarrek
Amara Berri Auzo Elkarteak dio Karlos I.aren hiribidean radarra jartzea «oso garrantzitsua» dela, segurtasun arrazoiengatik. Auzoan ehun kartel inguru jarri dituzte bizilagunei egoeraren berri emateko.
Karlos I.aren hiribidean radarra jartzeko beste eskaera bat egin du Amara Berri Auzo Elkarteak. Hamahiru urte daramatzate eskaerarekin, eta aurreko legegintzaldian udalaren baiezkoa jaso ostean, zain jarraitzen dute. Hori dela eta, Karlos I.aren inguruko atarietan ehun kartel jarri dituzte bizilagunei jakinarazteko beste eskaera bat egin dutela. «Radarra oso garrantzitsua da guretzat. Lehenik, segurtasunagatik. Errepidea egunero gurutzatzen dugu auzotarrok, eta bereziki, haur askok. Bigarrenik, trafikoa moteltzeko. Autobusek ziztu batean igarotzen dute hiribidea. Eta hirugarrenik, kutsadura akustikoa gutxitzeko», azaldu du Xabier Berridi auzo elkarteko kideak.
Irailaren 23an Pilar Arana Mugikortasun zinegotziarekin elkartu ziren, eta udalak radarra jartzeko asmoari eusten ziola jakinarazi zien. Duela hiru bat aste, Maria Jesus Idoeta auzoetako zinegotziak ere baieztatu zien radarraz ez zirela ahaztu, eta lanean jarraitzen zutela. Ordea, auzo elkartekoak kezkatuta daude, hirian beste radar batzuk jarri diren bitartean, Karlos I.aren hiribidekoa ez dutelako jartzen. «Atzerapenaren arrazoia omen da erakundeen arteko adostasun eza. Errepidea aldundiarena da, eta radarra jartzeko baimena Eusko Jaurlaritzak eman behar du. Udalari eskatu diogu irtenbide bat emateko», azpimarratu du Berridik.
30.000 euro
Udalak 30.000 euro ditu gordeta Karlos I.aren hiribidean radarra jartzeko, baina oraindik ez ditu erabili. «Radarra jarri orduko berreskuratuko lukete inbertsioa, hiribidean ibilgailuak azkarregi ibiltzen direlako».