Sarek antolatuta, manifestazioa egingo dute bihar 16:30ean, Bulebarretik hasita, "behingoz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko", Inaxio Oiarzabal Sareko kidearen esanetan. Egungo espetxe politikak "min handia" eragiten duela esan du: "Benetako elkarbizitza eraiki nahi badugu, sufrimendu guztiekin amaitu beharra dago".

Bihar manifestazioa izango da, Sarek antolatuta. Zergatik aterako zarete kalera?
Guk urtea beti hasten dugu kalean, manifestazioan. Bilbon bildu izan gara milaka pertsona. Aurten, koronabirusaren egoerak denoi eragin digu, eta azkenean, arduraz, Bilbon milaka pertsona elkartu ezin garenez, 200 bat herritan antolatuko ditugu mobilizazioak. Donostian 16:30ean aterako da Bulebarretik. Gure aldarrikapena da behingoz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea. Azken hilabeteetan, pauso txiki batzuk eman diren arren, oraindik irmoki hartu beharreko pausoak hartzeke daude. Pauso horiek hartzeko, Euskal Herrian sortu den kontsentsu zabal horren babesa badutela, eta bide hori hartzeko eskaera egingo dugu.
Manifestazio horretaz gain, zein da Sarek urtean zehar egiten duen lana euskal preso, iheslari eta deportatuen alde?
Saren preso eta iheslariek bizi dituzten eskubide urraketak salatu eta gizarteratzen ditugu. Gaur egun, oraindik ere, 220 preso inguruk haien eskubideak urratuta dituzte, legeak ezartzen duen kartzela eredua ez dute bizitzen. Konponketaren norabidean, espetxe politika horren aldaketaren alde lan egiten dugu. Ezberdinen artean lan egiten dugu, irudikatzen dugulako benetako elkarbizitza bat eraiki nahi badugu, sufrimendu guztiekin amaitu beharra dagoela. Eta egungo espetxe politikak min handia eragiten du presoen eta haien senideen inguruan. Preso eta iheslari horien egoera orokortasun batean konpon dadin denen artean bultzatzen dugu, bai gizartean, bai alderdi politiko, sindikatu zein talde sozialekin, Paris eta Madrilgo gobernuek egoera horrekin behin betiko amaitzeko.
Zein da euskal preso eta iheslarien egoera, gaur egun?
Gaur egun, euskal presoen %65 lehen graduan betetzen dabil bere zigorra. Legeak badu gradu progresio bat hiru graduen artean, eta orain arte, euskal preso ia guztiek lehen graduan betetzen zituzten zigor osoak. Hori beraien legearen kontra doan erabaki bat da. Lehen gradua behin behineko baldintza bat da presoarentzat, epe tarte jakin batean bizi beharrekoa, bizi-baldintzetan oso hertsia delako eta aukera gutxi ematen dituelako. Zalantzarik gabe, guk eskatzen duguna da graduen progresioari bidea ematea. Hamar urte pasa dira ETAk jarduera amaitu zuenetik, eta oraindik ere gauden egoeran gaude. Larriki gaixo dauden presoen kasuan, haien konfidantzazko medikuarekin eta ingurukoen babesarekin artatu behar dira gaixotasunak, eta ez kartzeletan etxetik kilometro ugaritara eta lehen graduan. Urruntzeak ere hor daude. Euskal presoen kasuan, ia %90 etxetik 300 kilometrora baino urrunago dago. Egia da azken asteetan gerturatze batzuk izan direla, baina beti ere Euskal Herritik gertuen dauden kartzeletara. Azken hilabeteetan egon diren aldaketekin, Euskal Herriko lau kartzeletan hemezortzi preso bakarrik daude.
COVID-19a nola iritsi da kartzeletara?
COVID-19aren egoerak denok jo gaitu, bai kalean bai kartzeletan. Kartzeletan isolamendu sozialerako eta garbiketetarako aukera gutxi dago, eta horrek beldur handia eragin du. Senideei ere bai: bete betean eragin die. Hamar hilabete pasa dira konfinamendua hasi zenetik, eta askok haien senideekin egoteko aukera gutxi izan dituzte. 86 motxiladun umeek haien gurasoekin egoteko aukerarik ez dute izan, eta ume horiek umezurtz geratu dira nolabait. Gainera, legearen arabera gurasoekin egoteko aukerak badaude. Gure eskaera da gobernuek aukera horiek balia ditzaten eta presoen egoera alda dezaten. Senide zaurgarri eta adinduek ere bidaiak egiteko ezintasuna izan dute, eta hamar hilabetez senideak bisitatzeko aukerarik gabe geratu dira. Pandemiak gizarte osoa jo du, eta kartzeletetan are gogorrago jo du. Horrek erakutsi digu zein arazo sortzen dituen salbuespenezko espetxe politikak. Lehen argi bagenuen horrekin amaitu behar genuela, orain urgentzia bat da horrekin amaitzea.
Zein da egoera horren guztiaren soluzioa, zure ustez?
Elkarbizitzarako beharrezkoak diren pausoak dira soluzioa. Espainiar legeak ibilbide bat dauka kartzeletan, eta hori hartzeko eskatzen diogu euskal jendartearen gehiengo zabalak. Gradu progresioen bidea dago: lehen gradutik bigarrenera pasako balira, baimen batzuk izateko aukera egongo litzateke, lan munduan sartzeko aukera egongo litzateke. Batez ere, urrunketarekin amaitzea nahi dugu, presoek haien etxeetatik gertu egoteko eskubidea daukatelako. Azkenean, legeak ezartzen duena aplikatzea da soluzioa gure ustez: zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak, 70 urtetik gorako presoak eta larriki gaixo dauden presoak kalean egon behar lirateke horrela. Gainontzeko presoei gradu progresioa ezarriz gero, oso bestelako argazki bat izango genuke, eta beste pauso batzuetaz eta beste etorkizun batez hitz egiten egongo ginateke.
Zergatik atera behar du kalera jendeak larunbatean?
Guk dei egiten diogu jende guztiari kalera ateratzeko, mobilizatzeko, iruditzen zaigulako egoera honi aterabide integral bat eman nahi badiogu, jendartearen bultzadarekin urgentzia hori erakutsita izango dela. Ezingo gara Bilbon egon, baina gure herriko kaleetan egongo gara guztiok, bultzada handi bat emateko egun ematen ari diren pauso txiki horiek pauso handi bilaka daitezen.