Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Mobilizazioz beteriko asteburua, pasa dena

Ehunka pertsona bildu zituen Errakik atzoko manifestazioan. (Argazkia: Erraki) Ehunka pertsona bildu zituen Errakik atzoko manifestazioan. (Argazkia: Erraki)

Pasa den asteburua politikoki oso aktiboa izan da, mobilizazio ugari izan direlako. Mobilizazio nagusia larunbat arratsaldean Sarek antolatutakoa izan zen. Ehunka lagunek “salbuespenezko espetxe politikarekin” bukatzeko eskatu zuten Bulebarretik Amara Berriko Pio XII.aren plazaraino joan zen manifestazioan. Sarek sei eskakizun zehatz egin zizkieten Espainiako eta Frantziako Estatuei: presoak Euskal Herriratzea, gradu progresioa ahalbidetzea, adinekoak eta gaixorik daudenak etxeratzea, guraso presoen seme-alaben eskubideak errespetatzea eta Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartzea.

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten larunbat eguerdian Artzain Onaren katedralaren atzeam, pasa den astelehen gauean eraso matxista bat pairatu zuten adin txikiko bi emakumeei babesa adierazteko, eta erasoa bera salatzeko.

Donostiako kaleak ehunka haur, gazte eta gurasoz ere bete ziren larunbat eguerdian Bultza Kirola eta SOS Eskola Kirola plataformek deitutako manifestazioan: eskola kirola itzultzeko eta kirola ezinbesteko jarduera gisa hartzeko aldarrikatu zuten.

Larunbat eguerdian ere, ELA eta LAB sindikatuek deituta, Zorroagako San Juan de Dios osasun mentaleko ospitaleko hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten, zentroko langileentzako lan hitzarmen berri bat eskatzeko. Izan ere, indarrean dagoen hitzarmenak ez du subrogazioa aintzat hartzen, eta horrek lanpostuak galtzeko arriskua areagotu egiten du.

Amaitzeko, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak antolatuta, ehunka lagunek manifestazioa zuen atzo eguerdian, Anoetatik abiatuta, “okupazioaren aurkako ofentsiba salatu eta espazioen gaineko langile kontrola aldarrikatzeko”.

HITZAkide HITZAkide