Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

"Kale Nagusian atxilotu zuten pertsona kalean normal zebilen, bakarrik, eta ez zen edaten ari"

Atzo iluntzeko irudia, Trinitate plazan. (Argazkia: Piztu Donostia) Atzo iluntzeko irudia, Trinitate plazan. (Argazkia: Piztu Donostia)

Parte Zaharrean istiluak izan dira asteburuan, ertzainen eta auzoko zenbait gazteren artean. Istiluak Trinitate plazan, Abuztuaren 31 kalean eta Zuloaga plazan izan dira larunbat eta igande iluntzeetan, eta bost gazte atxilotu dituzte gutxienez. Ertzaintzaren iturrien arabera, “pertsona askok kale zurruta egiteko asmoa” zuten, eta hiriko eta Parte Zaharreko hainbat eragilek polizia operazioa gaitzetsi eta Ertzaintzak erabilitako “bortizkeria” salatu dute.

Parte Zaharreko bizilagun batek larunbat iluntzean ikusitakoa kontatzeko idatzi dio Irutxuloko Hitzari. Ez du bere izena eman nahi izan, baina Kale Nagusiko bizilaguna da. Kale horretan gertatutakoa baino ez zuen ikusi, eta horri buruz idatzi du. Kontatu duenaren arabera, etxeratze agindua baino ordu erdi lehenago, Kale Nagusitik bakarrik zihoan pertsona baten aurka indarra erabili zuten ertzainek, eta ertzainen autoan sartuta eraman egin zuten. “Ez dakit 21:00etan Trinitate plazan zer gertatu zen baina gaueko 22:00tan Kale Nagusian atxilotu zuten pertsona, kalean normal zebilen, bakarrik, ez zen edaten ari eta ez zien ertzainei eraso egin”, adierazi du lekukoak.

Kale Nagusiko bizilagunaren testigantza, osorik:

Egun on:

Donostiako Parte Zaharreko bizilagun bat naiz eta larunbat ilunabarrean Donostian izandako gertaeren inguruan Kale Nagusian ikusi eta bizitakoaren nire ikuspegia helerazi nahi dizuet, zenbait komunikabidetan agertu denaz eta erakundeen bertsioaz gain, bertan geundenon ikuspegia ere jaso dezazuen. Kale Nagusian egonik, ez dakit Trinitate plazan eta Abuztuaren 31 kaleetan zer gertatu zen.

21:00ak aldera, Bulebarretik, ertzainen auto bat izugarrizko abiaduran sartu zen Santa Mariako elizaraino. Izugarrizko abiadura esatean, bertan paseoan zebiltzan hiritarrak arrisku larrian jartzerainoko abiadura izan zela azpimarratu behar da. Egin kontu, kale horren zenbait zatitan, (Galparsoro okindegiaren parean kasu, andamioa egonik, kaleak 3 bat metroko zabalera besterik ez duela). 

Denbora laburrean beste bizpahiru autok egin zuten bide bera, hauek ere abiadura handian eta arriskua sortuz, nahiz eta bertan zeudenak aurreko autoarena ikusita erneago egonik, arrisku egoera txikiagoa izan zen.
 
Hurrengo minutuetan istiluak izan omen ziren Trinitate plaza inguruan eta Parte Zaharrean baina 21:30 / 21:45 ingururako Kale Nagusia lasai zegoen. Kasik oinezkorik ez eta ertzain lerroa Ubarretxena parean bidea moztuz. 
 
Gaueko 22:00ak gerturatu zirenean, ordu horretan etxeratze agindua izanik, etxerako bidean zihoazen oinezko gutxi batzuk bakarrik zebiltzan kalean. Horietako oinezko bat, bakarrik, oinez eta lasai Bulebarretik Santa Mariara zihoala, Ubarretxena pareko ertzainen lerrora iritsi zen. Une horretan, ertzain bat aurrean jarri eta bidea oztopatu zion. Oinezkoak, aurrera joatearen keinua egin eta 4 ertzainek inguratu eta heldu zuten, bertako eskaparatearen kontra bultzatu eta lurrera bota zuten. Jarraian, lau ertzainak hiritarraren gainean jarri eta bertan mugitu ez zedin indarrez, lauen indarpean izan zuten.
 
Berehala Bulebarretik, hamar bat udaltzain eta beste hamar bat ertzain joan ziren korrika bertara. Guztiek, bai Ubarretxena parekoek eta baita gero bertaratutako guztiek, material bereziak zituzten, kasko, borra, ezkutu eta bestelakoak. Hiritarrak berriz, ez zuen inolako arma edo tresna arriskutsurik eta honenbestez, inolako unetan ez zuen inolako arriskurik suposatu bertan zeuden ertzainentzat zein beste inorentzat. Pertsona Ubarretxena parean zeuden ertzainengana iritsi zenetik lurrean ertzainen azpian indarrez eutsi arte ez ziren 30 segundu ere igaro. Handik gutxira pertsona ertzain autoan sartu eta eraman zuten. 
 
Ez dakit 21:00etan Trinitate plazan zer gertatu zen baina gaueko 22:00tan Kale Nagusian atxilotu zuten pertsona, kalean normal zebilen, bakarrik, ez zen edaten ari eta ez zien ertzainei eraso egin.
 
HITZAkide HITZAkide