Parte Zaharreko hainbat gazteren aurka oldartu zen Ertzaintza atzo berriro
Ertzaintzaren polizia operazio bateko irudia. (Argazkia: Zigor Garro) Larunbat gaueko istiluak eta gero, atzo iluntzean ere Parte Zaharreko hainbat gazteren aurka oldartu zen Ertzaintza, eta gutxienez gazte bat atxilotu zuten. Istiluak abuztuaren 31 kalean eta Zuloaga plazan izan ziren, eta gazte bat atxilotu zuten. Larunbat gauean, berriz, Ertzaintzak Trinitate plaza hustu zuen eta erabaki horrek istiluak eragin zituen gazteen eta ertzainen artean. Lau gazte atxilotu zituzten.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak asteburuan gertatutakoa salatuko du larunbatean, 12:00etan Bulebarrean hasiko den manifestazioan. Errepresiorik ez! Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu! lelopean egingo dute manifestazioa. Donostiako GKSk eta Ernai gazte antolakundeak, besteak beste, bat egin dute manifestaziorako deiarekin.

