Administrarientzako 63 plazako deialdia onartu du udalak
Donostiako Udalak lan eskaintza publiko baterako oinarriak onartu ditu. Zehazki, administrarien 63 plaza txanda librean –58 plaza modalitate orokorrean eta 5 plaza desgaitasunen bat dutenentzat gordetako kupoan– eta lehiaketa oposizio bidez behin betiko betetzeko hautaketa egingo dute. “Deialdi honek udalean lanpostuak finkatzeko eta bitartekotasuna murrizteko bidea jarraitzen du, eta, horretarako, eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen ari gara”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Azken urteetan onartutako hainbat lan eskaintzatan konprometitutako lanpostuen deialdia da, eta handia da lanpostu kopurua. Izan ere, udalak gaur egun legeak baimentzen duen birjarpen tasa osoa erabili nahi du. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea ez dago oraindik irekita. Epe hori 20 egun baliodunekoa izango da, eta iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera irekiko da. Epe horren irekieraren berri ere emango dute udalaren webgunean.
Lanpostu horiek eskuratzeko baldintzak ere udalaren webgunean jarriko dituzte; besteak beste, euskararen titulazioari eta hizkuntza eskakizunari buruzkoak dira. Webgune bereko enplegu atarian eta udaletxean bertan eman daiteke izena.
Hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiak ordezkapen zerrenda batean sartuko dira, lanpostu hutsak betetzeko edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere uzten zaizkie, langileak kontratatu behar dituztenerako. “Hori dela eta, lanpostu horietara aurkeztea aukera on bat da enplegatu publiko gisa lan egin nahi duten pertsonentzat; izan ere, lanpostua lortu ez arren, lan poltsa horietan daudenez, udalean edo beste administrazio publiko batzuetan lan egiteko aukera dute”, azaldu du udalak.