Zaintzaren sektorean greba egingo dute gaur, eta mobilizatuko dira
Kalitatezko zaintza publikoa eskatzeko manifestazioak Erdialdea hartu zuen pasa den urteko azaroan. (Argazkia: Maite Reizabal Arregi) Gizarte zerbitzuen sektoreak greba egingo du gaur, “zaintza lanen defentsan eta aitortzan”. Zaintzaren sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko eskatzeaz gain, sektorearen publifikazioaren alde egiten dute sindikatuek. ELA sindikatuak 10:30ean elkarretaratzea egingo du Gipuzkoa plazan, eta ondoren, manifestazioa aterako da. LAB sindikatuak, berriz, mobilizaziora deitu du Bulebarretik hasita.
Gizarteko beste hainbat sektoretan ere mobilizazioz beteriko astea da honakoa. Ikastetxeetako jangeletako eta eskola garraioko langileek, esaterako, greba egingo dute bihar eta etzi. Hiru eskakizun nagusi izango dituzte: ratioak ezarri eta berrikustea, talde iraunkorrak osatzea, eta lan baldintzak bermatzea.
Urtarrilaren 28an, berriz, Osakidetzako langileek greba egingo dute, ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Osasungintza publikoko langileek greba egingo dute “Osakidetzako baliabideak murriztearen ondorioz lan-baldintzek okerrera egin dutelako”.
Bestetik, Haurreskolak partzuergoko langileek ere greba egin zuten atzo, eta “lan hitzarmen berria negoziatzeko” eskatu zuten, besteak beste.

