"Antzezlana 'Egunkaria'-ren erredakzioaren isla da"
'Sisiforen paperak' antzezlana Donostian da: Viktoria Eugenia antzokian izango da ikusgai bihar arte. Olaia Gil aktoreak 'Egunkaria'-ren erredakzioko hasiberriaren papera du antzezlanean. Pertsonaia eraikitzerakoan, bere bizipenetan ere oinarritu da.
Nola bizi izan zenuen Egunkaria-ren itxiera?
Nik 16 urte inguru nituen, Batxilergoan nengoen, eta gogoratzen dut lagunekin joan nintzela manifestaziora: manifestazio handi batera joaten nintzen lehen aldia izan zen hura. Nahiko gaztea nintzen. Gertatzen ari zena bidegabekeria bat zela konturatzen ginen, baina agian ez ginen jabetzen zenbaterainokoa zen. Denborarekin ikusten joan naiz zer zen gertatu zen hura, eta zelako bidegabekeria izan zen. Eta bueno, pare bat urte beranduago, Kazetaritza ikasten hasi nintzen.
Nola prestatu duzu Sisiforen paperak antzezlanean gorpuztuko duzun pertsonaia?
Nire papera kazetari hasiberriarena da, eta orduan, nik uste dut erraza dela sentimendu horiekin konektatzea: denok izan gara hasiberriak noizbait. Hasiberria zarenean lanen batean, zaila da egokitzea, zure lekua topatzea… Orduan, nik uste dut erraza izan dela horrekin konektatzea eta hori oholtzara ekartzea. Nire bizipenetan ere oinarritu naiz, ni neu ere kazetaritzan aritu nintzelako, eta hasiberria izan nintzelako garai batean, non eta Irutxuloko Hitza-n!
‘Irutxuloko Hitza’-n ikasitakorik eraman duzu oholtzara?
Irutxuloko Hitzak eman zidan kazetaritzan aritzeko oinarri bat, eta ikasi nuen zer den benetako kazetaritza, lanbidea ikasi nuen. Orduan, oso ondo etorri zait pertsonaia eraikitzerako garaian: erredakzioa zer zen eraikitzerakoan, nik banituen jakintza horiek, lehen pertsonatik bizi nituelako.
Nolakoa izan zen Sisiforen paperak antzezlanaren estreinaldia?
Gasteizen egin genuen estreinaldia, eta oso beroa izan zen; nik uste dut ez dudala inoiz bizi izan halakorik. Jendeari iritsi zitzaion, hunkituta geratu zen. Bukaeran, txalo zaparrada ikaragarria jaso genuen, eta guretzat ikaragarria izan zen.
Gogoa duzue antzezlana Donostian aurkezteko?
Desiatzen gaude. Azaroan eta abenduan Bilbon izan ginen, eta ikaragarrizko gogoa genuen Donostiara etortzeko. Ondoko udalerrietako jendea ezingo da etorri, eta horrek ere penatzen gaitu, Donostiara antzerkia ikustera ez direlako soilik donostiarrak etortzen: ondoko herrietako jendea ere etortzen da. Pozten gara egoera honen barruan aurrera jarraitzen duelako, eta sekulako gogoa dugu donostiarrek obra ikus dezaten.
Antzezlanak kazetaritzarekin duen lotura nolakoa da?
Saiatzen da islatzen nolakoa den erredakzio bat. Egunkaria-ren erredakzioaren isla da antzezlana. Ez da isla zehatza, baina saiatzen da hortik fikzioa eraikitzen. Saiatzen da islatzen erredakzio bateko langileak, haien arteko sareak, nola egiten duten lan, haien kezkak. Harreman pertsonalak nola hazten doazen ere ikusiko dugu.
Etorkizunera begira, beste zein proiektu dituzu martxan?
Apirilean obra honekin Madrilera joango gara, lau astez antzeztera. Apirilaren 9tik maiatzen 2ra Maria Guerrero antzokian izango gara. Egunero antzeztuko dugu gazteleraz, eta bi emanaldi euskaraz egingo ditugu, bertako euskaldunak ere etor daitezen.