Hamarkada bete dute auzotarren babesarekin
Aieteko kultur etxeak 10 urte bete ditu, eta pandemiaren eraginez behar bezala ospatu ez badute ere, postal berezi bat egin dute. Urte hauetan guztietan, 200 erakusketa inguru antolatu dituzte, eta horietako batzuek harrera oso ona izan dute.
Abenduaren 20an 10 urte bete zituen Aieteko kultur etxeak. Hiriko berezienetakoa da, beiratez osaturiko diseinu koloretsua duelako. Gainera, Aieteko jauregiaren azpian dago kokatuta, eta lotura zuzena du Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea ere badenarekin. 2010ean ateak zabaldu zituenetik, auzotarren babesa izan zuten, urtetan halako ekipamendu baten alde lan asko egin zutelako. Aieteko bizilagunek ez ezik, hiriko gainerako auzoetakoek ere bisitatu ohi dute. Baita ere inguruko beste herrietako biztanleek. Izan ere, hasieratik zerbitzu eta eskaintza zabala landu dute.
Atzera begira jartzeko eskatu dio hedabide honek kultu etxeko zuzendari Marta Ibañez de Aspururi. Maskarak ez du ezkutatu bere irribarrea, eta egindako lanarekin sentitzen duen poza. «Urte hauetan asko aldatu da auzoa, eta baita kultur etxea ere. Auzotarrek eraikina parkean kokatzeko ahalegina egin zuten, eta horrek berezitasuna ematen dio». Hain zuzen, Aieteko bizilagunen garrantzia azpimarratu du: «Auzotarren isla da programazioa eta zerbitzua. Zorrotzak dira, eta egiten dugun lana baloratzen dute. Hasieratik lan egin dugu auzo elkartearekin eta auzoko jakintsuekin. Erakusketak egin ditugu auzoko memoria berreskuratzeko».
50 urtetan Aiete «asko eta azkar» hazi dela dio Ibañez de Aspuruk, eta bereziki azken hamar urtetan izan duen zabalkundean kultur etxeak parte hartu duela uste du. Era berean, «auzo gaztea» dela nabarmendu du, eta horregatik haurren programazioari garrantzia eman zioten hasieratik. «Guraso gazte asko daude auzoan, eta haurrentzako euskarazko film bat ematen saiatzen gara astebururo».
Hunkigarriak eta arrakastatsuak
Hamarkada batean 200 erakusketa antolatu ditu Aieteko kultur etxeak. «Gune hainbat ditugu, eta horregatik izan dira horrenbeste», adierazi du Ibañez de Aspuruk. Kopuruaz harago, «kalitatea» bermatu dutela gaineratu du, herritarren eskaerak aintzat hartuta. Kultur etxea Bakea eta Giza Eskubideen etxearen azpian dagoenez, gai horiei loturiko erakusketa «hunkigarriak» antolatu dituztela gogoratu du: «Aipatzekoak dira, Anne Frank eta Ondarretako kartzelari buruzkoak, besteak beste. Bisitari batzuk negarrez atera ziren erakusketatik».
Oreka baten bila, bestelako gaien inguruko erakusketak ere antolatu dituzte. «Proposamen sakonak eta arinak tartekatzen saiatu gara». Adibidez, berdintasuna modu erakargarri batean aldarrikatzen saiatzen direla dio. «Frida Kahloren erakusketa polit bat egin genuen Aitziber Alonsoren ilustrazioekin». Bestalde, Donostia Kulturarekin lankidetzan, erakusketa arrakastatsuak antolatu dituzte. «Star Wars, Mazinger Z eta Harry Potterren erakusketa tematikoek sekulako harrera izan zuten. Beste kultura mota bat da, eta giro oso berezia sortu zen. Adibidez, Harry Potterren erakusketa xumearekin marrazki lehiaketa bat egin genuen eta 500 haurrek parte hartu zuten. Ikaragarria izan zen. Hain zuzen, Harry Potterren liburuak dira gure liburutegian gehien mailegatzen direnak», azaldu du Ibañez de Aspuruk.
Ilustratzaileen Txokoa da Aieteko kultur etxearen beste bereizgarrietako bat. 2012an jarri zuten martxan, eta geroztik harrera ona izan du. «Ilustrazioa arte erakargarria da jendearentzat. Erakusketa bakoitzeko bi postal jartzen ditugu, eta bisitari askok hartzen dituzte».
Aurrera begira, «gizarte kohesio eta topagune» izaten jarraitu nahi du Aieteko kultur etxeak. Pandemia garaiak eskaintza nabarmen mugatu arren, bisitari kopurua ez da horrenbeste jaitsi. «Jendeak kultur etxera etortzeko beharra zuela ikusi dugu», dio Ibañez de Aspuruk. Hurrengo erakusketa gorrei buruzkoa izango dela aurreratu du, eta argazki bilduma baten bidez ikusgarritasuna eman nahi diete.