Antton Troitiño euskal preso donostiarra baldintzapean aske utzi dute

antton troitino Antton Troitiño euskal preso donostiarrak 30 urte baino gehiago egin ditu kartzelan. (Argazkia: EITB)

Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal presoa kalean da. Ia hilabete pasa da Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eman zionetik, baina epaia gaur arte ez dute bete.

Troitiñok gaixotasun larri eta sendaezina daukalako hartu zuen erabakia epaileak urtarrilaren 11an. Autoaren arabera, “neurri aringarrien bidez” baino ezin da tratatu haren gaixotasuna, eta “espetxean egoteak horiek zaildu” ditzake. Epaia gauzatzen ez zenez, joan den astean, Troitiñok kimioterapia uztea erabaki zuen, espetxeko balditzekin “bideragarria” ez zelako. Sare herritarrak deituta, luzamendua salatzeko mobilizazioak egin zituzten Antiguan eta Intxaurrondon. Azkenean, epaia bete dute.

Etxerat-ek “Labirinto burokratikoa” gaitzetsi du, eta senideei “besarkada estuena” eta euren “babes osoa” eta “elkartasuna” helarazi nahi izan die. “Espero dezagun bere gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil”, gehitu dute

Madrilgo Estremerako kartzelan izan da Troitiño azken urteetan, eta datorren urtean beteko luke zigor osoa. Guztira, 30 urtez izan da espetxean. 1987an atxilotu zuten, eta 24 urtetik gora pasa zituen Huelvako espetxean. 2011. urtean atera zen, baina egun gutxitara berriz atxilotu nahi izan zuten, Parot doktrina aplikatuta. Azkenean, Londresen atxilotu zuten 2012an. Gerora, Intxaurrondokoaren aurkako Espainiaratze agindua eskatu zuten, eta 2017an Espainiara estraditatu zuten.

HITZAkide HITZAkide