Elkarrekin Donostiak plataforma baten bidez negoziatuko ditu aurrekontuak
Udal gobernuak bilera erronda bat hasi du gainerako udal taldeekin, 2021eko udal aurrekontuak eztabaidatzeko. Lehen bilera Elkarrekin Donostiarekin egin zuten atzo, eta udal taldeak iragarri du datorren astean negoziazio plataforma bat aurkeztuko dutela, berdintasunera, zaintzara, ingurumenera, enplegura eta etxebizitzara bideratutako diru zatiak eztabaidatzeko.
Elkarrekin Donostiaren ustez, hiriak bazituen egiturazko arazo batzuk, “pandemiarekin areagotu direnak eta orain mahai gainean daudenak”. Horrela, Aitzole Araneta bozeramaileak aurreratu duenez, “donostiarrak babestuko dituzten neurrietara” bideratu nahi dituzte aurrekontuak: “Egungo eta etorkizuneko erronken aurrean erresistenteagoa den hiri baterantz urratsak egin nahi ditugu”.
Plataformaren bidez, ondorengo gaiak zehaztuko dituzte, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko urrats berritzaileak emateko neurriak; krisiak dituen ondorioak arintzeko enplegurako laguntzak; etxebizitza eskuratzea errazteko ekimenak, bereziki gazteentzat; jasangarritasunera eta ingurumenera bideratutako neurriak; eta gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko partidak.