Gaztelagun programa bateraezina da Donostiako prezioekin, EH Bilduk salatu duenez

EH Bilduk salatu du Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programak ezarritako irizpideek Donostiako gazteei dirulaguntzak eskuratzea oztopatzen dietela. Gaztelagun programak 18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzen du, eta horretarako, alokairuaren errentaren zati bat ordaintzeko zuzeneko laguntzak ematen ditu Jaurlaritzak. Hala ere, EH Bilduk salatu du dirulaguntzak eskuratzeko baldintza etxebizitzaren hileko errenta 750 euro baino altuagoa ez izatea dela, Donostiaren kasuan. “Horrek diru laguntza honetatik kanpo uzten ditu donostiar gazte gehienak”, salatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. “Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2019an hileko alokairuaren prezioa, batez beste, 880 eurokoa zen Donostian; gaur egun garestiagoa da”, gehitu du zinegotziak.
EH Bilduren arabera, “etxebizitzaren prezioan eragiteko modurik onena alokairuko etxebizitzen parke publiko handi bat osatzea da”. Horrek “ahalegin ekonomiko handia” behar duela adierazi dute, eta udalak aurkeztu dituen 2021eko aurrekoekin kritiko agertu da Burutaran: “Udal Gobernuak zero euro erabiliko ditu babes publikoko etxebizitzetarako. Baliabide gehiago behar direnean, Eneko Goiak gutxiago erabiltzen du”.