Saltokien errotuluak euskaratzeko dirulaguntzak emango ditu Euskara Zerbitzuak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko saltokien errotuluak euskaratzeagatik dirulaguntzak emango ditu: 2021ean 10.000 euro bideratuko ditu horretara. Saltokien kanpoko errotulazioa, barruko euskarri finkoak, barruko seinaleak, eskaintzen diren zerbitzuen, produktuen eta prezioen idatzizko euskarriak, eta erabilera bakarreko idatzizko euskarriak euskaratzeko emango dituzte dirulaguntzak.
Dirulaguntzak jasotzeko eskaera orriak eskuragarri daude www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari eta www.donostia.eus webguneetan, eta Euskara Zerbitzuaren egoitzan (Konstituzio plaza, 2). Dirulaguntza eskaerak dirua agortu arte onartuko dira.
Hizkuntza paisaia euskalduntzeko dirulaguntzak emateaz gain, Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz izeneko egitasmoa martxan jarri du Euskara Zerbitzuak: helburua “establezimenduek zerbitzu hobea ematea eta bezeroak hizkuntza eskubideak bermatuta izatea” da: “Egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen langileen erdiak edo gehiago euskaldunak izango dira, eta lehen hitza euskaraz egingo dute. Modu horretan, establezimenduaren bezeroen hizkuntza hautua erraztu egingo da, hau da, bezeroek bertan euskaraz lasaitasunez egin dezaketela jakingo dute”, azaldu dute Euskara Zerbitzukoek.
Bestalde, Euskara Zerbitzuak euskara ikastaro laburrak eskaintzen ditu arlo merkataritzako langileentzat, eta doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere eskaintzen du.