'Performance' bat egin du Haurralde fundazioak, "jendea kontzientziatzeko"
'Performance'-aren irudia. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Haurralde fundazioak antolaturik, performance bat egin dute gaur eguerdian Katalunia plazan, multinazionalek emakumeak esplotatzen dituztela salatzeko. “Multinazionalek Hegoalde Globalean kokatuta dituzten fabriketan emakumeak eta haurrak esplotatzen dituzte, eta egoera onartezin hori salatzeko egin dugu performance-a, martxoaren 8aren testuinguruan”, azaldu du Ibis Ugarte Haurralde fundazioko psikologoak.
Emakume horien lan baldintzak irudikatu dituzte performance horren bidez: “Kate batzuk jarri ditugu hanketan, lotura isladatzeko: 15 ordu egoten dira lanean, komunera joan barik, ura edan barik, oso egoera prekarioan. Hori gutxi balitz bezala, ordu bateko soldata askotan ez da iristen euro batera”, Ugarteren arabera.
Jendea “kontzientziatzeko” helburua izan du Katalunia plazan egin duten ekintzak: “Askotan joaten gara Zara bezalako dendetara arropa erostera, baina ez dugu kontuan hartzen atzetik dagoen dena. Pertsonen eskubideak zapaltzeaz gain, munduko bigarren industria kutsakorrena da. Lan baldintza duinak globalizatzea, eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea aldarrikatu ditugu”, azaldu du psikologoak.
Ibis Ugarte Haurralde fundazioko psikologoari elkarrizketa egin diogu, Katya Reimberg eta Loreto Lopez emakume migranteekin batera.


