Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izango dira apirilaren 12tik 25era

Donostiako Udalak Egia pausoz pauso egitasmoa aurkeztu du. Egia Bizirik auzo elkartearen proposamena aintzat hartu du udalak, eta egitasmo baten bidez garatuko dute auzoan. Zehazki, Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izango dira hilaren 12tik 25era. Bi aste horietan herritarren iritzia jasoko dute, eta hainbat ekintza egingo dituzte. Hona hemen egitaraua.
Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak eman ditu egitasmoaren xehetasunak: “Auzoan oinezkoek duten espazioari buruzko hausnarketa bat egingo dugu. Egiako oinezkoei espazioa itzultzeko irtenbiderik onenak zeintzuk diren argitzeko balioko digu”. Egia Bizirikek duela urte batzuk egindako proposamena dela azpimarratu du, eta udalaren ikuspegiarekin bat egiten duela. “Auzoaren aspaldiko eskaera da, eta auzoko hainbat elkarte zein eragilerekin landu dugu”.
Oinezkoentzat eremuak lortzeko lanean urteak daramatza Egia Bizirikek, eta “oso pozik” daude udalak proposamena “ontzat” jo duelako. “Egiak aldapa asko ditu, eta oinezkoek leku gutxi dituzte. 2000. urtean horren inguruko lehen txostena egin genuen. 2014an, berriz, batzorde bat sortu genuen lanketa zehatzagoa egiteko, eta egitasmoa Tejeria kalean kokatu genuen. Auzotarrekin eta eragileekin landu genuen, eta irailean aurkeztu genion udalari proposamena. Helburua, paperean zegoena praktikara eramatea zen”, azaldu du auzo elkarteko kide Berdaitz Gurutzeagak. Apirilaren 12tik aurrera egitasmoari “bizitza” emango diotela adierazi du. “Auzotarrek zer den ikusi ahal izango dute, eta hausnartzeko aukera emango digu”.
Egitasmoaren inguruko analisiaz Kalea(n) Bizi elkartea arduratuko da. Dagoeneko auzoan mugikortasunaren inguruko hainbat galdeketa egin dituzte, eta orain Egia pausoz pauso egitasmoak iraun bitartean inkestak egingo dituzte. “Herritarren erantzuna eta iritzia jaso nahi dugu, eta gogotsu gaude lan horretarako. Emaitzekin txosten bat egingo dugu auzotarrei eta udaletxeari aurkezteko”, esan du Maria Melok, Kalea(n) Bizi elkarteko kideak.
Oinezkoentzako lehentasuna
Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, apirilaren 12tik 25era bitarteko asteetan ezin izango da Tejeria eta San Kristobal kaleetan ibili edo aparkatu, kasu hauetan izan ezik: 2-3 eremuko bertako ibilgailuek soilik aparkatzea, 20:00etatik 8:00etara, Tejeria kalean; zamalanak, 8:00etatik 13:30era, San Kristobal kaleko zamalanetarako eremuan eta Correos parean 6:00etatik 16:00etara; kale horietako jardueretako ibilgailu baimenduak; garaje partikularren jabeen joan-etorria; eta mugikortasun murriztua duten pertsonei erreserbatutako aparkalekuak erabiltzea (24 ordu).
Egitasmoaren sustatzaileak
Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetza eta Mugikortasun sailek, Egia Bizirik auzo-elkarteak eta EHUko Arkitektura goi eskola teknikoak izan dira egitasmoa bultzatu dutenak. Hauekin batera, hainbat eragilek ere parte hartu dute: Ongi etorri eskolara, SOS Arrazakeria, Egiako azoka txikia, Egiako Euskara Batzordea, Kalapie, Hegian dendarien elkartea, Aitor Ikastola, Maria Reina Ikastetxea, Txoko Berri, UPV-EHUko Arkitektura Saila, M Etxea arkitekturaren erabilerari buruzko ikerketa-taldea, Juntura kooperativa eta Kalea(n) Bizi.