'Apaiz kartzela' izango da gaurko protagonista Giza Eskubideen Zinemaldian
Munduko apaizentzako kartzela bakarra izan zen Zamorakoa. (Argazkia: Maluta Films) Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan, Apaiz kartzela dokumentala proiektatuko dute gaur Antzoki Zaharrean, 16:00etan. 1960-1970ko urteetan Zamoran (Espainia) espetxeratuta eduki zituzten lau apaiz antifrankistaren istorioari buruzkoa da lana, Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabalek zuzendua. Munduko apaizentzako kartzela bakarra izan zen Zamorakoa, eta hor egon ziren preso, besteak beste, Xabier Amuriza eta Josu Naberan. Antzoki Zaharrean izango dira gaur, dokumentaleko lantaldearekin batera.
Éric Barbierren Petit pays (2020) filmak emango dio bukaera bihar Giza Eskubideen Zinemaldiari. Zinemaldian aurkeztutako film luzeen artean, aipatzekoa da Aita Mari filma, Javi Julio argazkilari eta zinemagileak zuzendurikoa. Elkarrizketa egin dio IRUTXULOKO HITZAk Javi Juliori: dokumentalaz eta Mediterraneoko egoera latzaz jardun du.

