Gizon batek adin txikiko hiru neskari egindako sexu erasoak salatu ditu EH Bilduk udaletxe aurrean
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen herenegun Donostian, ustez adin txikiko neskari sexu erasoak egin izanagatik. Gizona masajista da, eta salaketaren arabera, masajeak eman zizkienean eraso zituen hiru adingabeak. Epaileak kautelazko neurriekin aske utzi zuen gizona, deklaratu ostean.
Donostiako Udaleko udal talde guztiek aho batez gaitzetsi dituzte sexu erasoak, eta hiru neskei “babesa eta elkartasuna” adierazi diete. Hala ere, ez dute elkarretaratze instituzionalik egin, eta EH Bilduk egin du gaur eguerdian Alderdi Ederren. “Indarkeria matxistaren aurrean pausoak aurrera eman behar dira, eta uste dugu udal gobernuak pauso bat atzera eman duela ez delako egon biktimen ondoan. Elkarretaratzea udal protokoloaren parte da, eta oso garrantzitsua da idatziz adierazpen bat egiteaz gain presentzia publikoa izatea”, adierazi du Reyes Carrere koalizioko bozeramaileak.