Museoen Nazioarteko Egunean, denetariko aukerak hiriko museoetan
Euskal Itsas Museoa. (Argazkia: Hitza) Museoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Donostiako museoek eskaintza berezia prestatu dute gaurko eguna ospatzeko. San Telmo museoan sarrera doakoa izango da gaur eta asteburuan, eta ekitaldi bereziak egingo dituzte: Francesca di Nicolak harpa kontzertua emango du, esaterako. Gainera, Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilari donostiarraren argazkiz osaturiko Kearen eta lanbroaren artean erakusketa ikusteko azken egunak izango dira aste honetakoak: igandea izango da erakusketa ikusteko azken eguna. Bestalde, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen emanaldiak eta Donostiako Udal Txistulari Bandaren kontzertua izango dira museoan, baita familientzako ikuskizuna ere, Patxi Zubizarreta, Peio Ramirez eta Mintxo Cemillanen eskutik.
Museoen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Itsas Museoak Leo eta Dinarekin Odisea erakusketara bisitak antolatuko dituzte larunbat honetan: 11:30ean eta 17:00etan bisita dinamizatuak egingo dituzte. Egun berean, Leopoldina Rosa. Gaur egungo istorio bat erakusketan 12:30ean bisista gidatua egiteaz gain, pintxoak eskainiko dituzte Kofradia Itsas Etxean. Maiatzaren 29an, bertso saioa eskainiko dute Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariek museoan, 17:30ean.
Eureka! Zientzia Museoko sarrera ere doakoa izango da gaur, eta igandean ikuskizunez, planetario-saioz eta bisita gidatuz betetako jarduera zientifikoen programa berezia eskainiko dute: bisitariek %50eko deskontua izango dute, eta adin txikikoen sarrera doakoa izango da.
Donostiako Santa Maria museoko eta D’Museoko sarrera doakoa izango da gaur, eta Aquariumak Aquariuma zure etxean izeneko jarduera birtualak proposatu ditu gaurko egunerako.

