Gaur 90 urte gertatu zen Ategorrietako sarraskia
Pasaiako arrantzaleek lan baldintzak hobetzeko greba egin zuten Espainiako Bigarren Errepublika sortu berritan. Larrutik ordaindu zuten: atxilotuak, guardia zibilen tiroak, zazpi hildako eta dozenaka zauritu.
Gaur 90 urte bete dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kontuan izan gabe, XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka izandako sarraskirik handiena izan zen Donostiakoa: Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira gertatu zen Ategorrietako sarraskia. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietako sarraskiari buruzko erreportaje interesgarria idatzi dugu Josetxo Otegi historialariaren ezagutza oinarri hartuta, eta Ategorrietan eraildako Jose Novo arrantzalearen ilobari elkarrizketa egin diogu.
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziaren arabera, donostiarren herri memoria eraikitzeko garrantzitsua da Ategorrietako sarraskia ezagutzea. Instituzionalki omentzeko iradokizuna egin dio EH Bilduk udalari, eta zenbait hitzaldi eta lore eskaintza bat antolatu ditu. Zinegotziaren arabera, “Donostia orekatu eta justu batean bizitzeak ekidingo luke horrelako gertakariak egotea”. Elkarrizketa egin diogu gaiaren inguruan.
Bestelako eragileek ere omenduko dituzte duela 90 urte Ategorrietan eraildako arrantzaleak: Kontseilu Sozialistak, Ategorrieta Gogoan plataformak, eta Donostiako Errepublikarrak elkarteak, besteak beste.