"Donostia hirigintza berritzaile, jasangarri eta parte hartzailearen aitzindari bihurtu daiteke plan honi esker"
Amara Berriko 'EPAH! Espazio Publikoaren Aktibazio eta Hobekuntza Plana' saritu du Espainiako Arkitektura eta Hirigintza Biurtekoak. Paisaje Transversal hirigintza enpresak landu zuen auzoko herritarrekin eta eragileekin batera.

2018an abiatu zenuten Amara Berriko egitasmoa. Besteak beste, auzoko espazio publikoa hobetzeko partaidetza prozesu bat egin zenuten. Lan hori da saritu dutena?
Bai, gainera kategoria garrantzitsuaren saria da jaso duguna. Azken hiru urtetako egitasmoak saritu dituzte, pandemiaren eraginez. Guztira 20 dira saritutako lanak, eta denak arkitektura eta eraikuntza proposamenak dira, bat izan ezik. Gurea da hirigintza alorreko sari bakarra. Guk hirigintzan egindako ibilbidea saritu dutela iruditzen zaigu.
Denbora pasa da Amara Berriko proiektua aurrera eraman zenutenetik. Zeintzuk dira bere berezitasunak eta helburuak?
Gure ustez Amara Berrin landuriko prozesua oso berritzailea da hirigintza ikuspegitik. Espazio publikoa aktibatzea eta hobetzea du helburu. Gaur egun horrek sekulako garrantzia du, eta are gehiago bizi dugun egoeran. Modu berritzailearekin, partaidetza eta diseinu kolaboratiboa barneratu ditugu. Prozesuan auzotarren eta eragileen parte hartzea barneratzeaz gain, genero ikuspegi intersektoriala jaso dugu. Hau da, hirien diseinutik at dauden kolektiboei lekua egin diegu.
Auzoarentzat baliagarria izango da etorkizunean?
Nik uste dut baietz. Amara Berrik eta Donostiako beste hainbat auzok zaurgarritasun adierazle asko dituzte. Espazio publikoaren erabilera hobetzeko eta Amara Berrin birgaitze prozesu bat sustatzeko hogei ekintza zehaztu genituen. Hala nola, Ferrerias-Armerias berritzea, eskoletako bide seguruak, zona lasaien sare bat sortu, … Egindako lana Amara Berri auzo elkartearen esku utzi genuen, eta lan tresna bat da beraientzat udaletxeari eskatzeko zehazturiko ekintzak aurrera eramateko. Datozen hamar edo hamabost urtetan egiten joan beharko dira. Amara Berriko espazio publikoa hobetzeko gida bat da.
Udalak aintzat hartuko du?
Ez da urte eta erdi erraza izan, eta udal guztien lehentasunak aldatu dira. Horrela ere, udalarentzat interesgarria da, beraiek horrela adierazi digutelako. Duela aste batzuk Eneko Goia alkatearekin eta hiru zinegotzirekin elkartu ginen Amara Berrin. Plana aurkeztu genien eta arazoak zeintzuk ziren adierazi. Begi onez ikusi zutela esango nuke. Donostia hirigintza berritzaile, jasangarri eta parte hartzailearen aitzindari bihurtu daiteke plan honi esker, eta, beraz, sekula aukera da hiriarentzat plan saritu hau martxan jartzea. Urtea bukatu aurretik albisteren bat jasotzea espero dugu.