103 urteko ibilbidea eta gero, desagertzear da Sanchez inprenta
“Oso eskertuta” esango diote agur Montxo Sanchezek eta Mabel Tolosak Sanchez inprentari, beraien bizitzen zati garrantzitsu bati. Enpresa familiarra duela 103 urte sortu zuen Sanchezen aitonak Easo kaleko 31.ean. Azken urteetan 33. zenbakian egon da inprenta, eta ez da kopistegi huts bat: enpresentzako, negozioentzako, ospakizunetarako eta bezeroak eskatzen duen edozertarako egiten dute lan. Sektorea teknonologikoki eraldatuz joan da, eta Sanchez inprenta ondo egokitu da aldaketetara. Sanchez familiako ondorengo belaunaldiak, ordea, ez du negozioarekin jarraitzeko asmorik.
Datorren astean itxiko dute inprenta, eta orain likidazioa egiten ari dira, prezio merkeagoan saltzen. Mabel Tolosaren ustez, hainbeste urte iraun izana arrazoi batengatik da: “Hitza betetzen dugu beti”. Hala azaldu du: “Bezeroaren eskakizunei ahalik eta ondoen erantzuten ahalegindu gara beti, eta beti bete ditugu epeak. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Horregatik, bezero oso fidelak izatea lortu dugu: familia askotan hiru belaunaldi gutxienez etorri dira guregana”.
Erretiroa hartzera zihoazela bezeroei esan zien lehenik inprentako arduradunek. Sanchez inprenta desagertuko bada ere, sektorea indartsu dagoela uste du Tolosak: “Papera ez da hil”. Sanchez inprentaren oroitzapena ere ez da luzaroan hilko: donostiar askok oroituko dute gertuko tratu profesional hura.