Grosen erosketak eginez gozatzeko kanpaina abiatu dute auzoko merkatariek
Abuztuaren 12ra bitarte auzoan egiten diren erosketek saria izan dezakete. 500 euroko opari txartelak zozkatuko dituzte, eta sare sozialetan sari gehiago eskuratzeko aukera emango dute.

Groseko merkatari eta zerbitzu emaileen elkarteak (dGros) Gozatu Gros! kanpaina abiatu du. Auzoko 74 saltokik bat egin dute kanpainarekin. Hainbat sektoretakoak dira: elikadura, moda, kirola, aisialdia, optika, bitxitegia, etxebizitza eta osasuna. «Groseko saltoki txikietan erosteak dituen abantailak azpimarratu nahi ditugu. Auzotik atera gabe eskaintza zabala dugu, eta azalera handiko merkataritza zentroetara joateko beharrik ez dago», adierazi du merkatarien elkarteak.
Hilabeteko iraupena izango du kanpainak, eta abuztuaren 12an bukatuko da. Auzoan egindako erosketengatik sariak eskura daitezke. 1.500 euro arteko opari txartelak zozkatuko dituzte –500 euroko hiru txartel–. Parte hartzeko, bezeroek saltokietan topatuko dituzten txartelak bete beharko dituzte. Era berean, dendetan kutxa bat egongo da, eta kutxa horrek duen QR kodearen bidez ere parte hartu ahalko da zozketan.
Groseko merkatarien Instagram kontuan opari gehiago eskuratzeko aukera egongo dela nabarmendu dute. Sariak ondorengoak dira: bi bizikleta Miner dendaren eskutik, bizikletan ibiltzeko arropa eta osagaiak IBK Bike dendari esker, eta Punta Monpas hotelean gau bat bi lagunentzako.
Bi urteko ibilbidea
Gipuzkoa Merkatariak federazioak sustatu eta sortu zuen 2019an Groseko merkatarien elkartea. Gaur egun, auzoko 130 saltoki dira bazkideak, eta hasieratik egindako kanpainetan gehienek parte hartu dute. Pandemiak kolokan jarri ditu horietako batzuk, eta horregatik, oraintxe abian jarri duten kanpainarekin garai zaila gainditzeko lehen urratsa egin nahi dute.