Trapu Zaharra taldeak 'Turistreatzen' ikuskizuna emango du Intxaurrondon
Larunbatean antzerkia kalean egingo dute Trapu Zaharra taldeko Lierni Fresnedo eta Jon Rodriguezek. Umoretik, bidaia birtualen agentzia batek etxekoandre bati antolaturiko bidaia antzeztuko dute.
Urtero moduan, aurtengo udaran ere, Trapu Zaharra antzerki taldea Donostiako hainbat txokotan arituko da antzerki emanaldiak egiten. 30 urte daramazki kalean euskaraz zein gazteleraz umorezko ikuskizunak egiten, eta aurten hala jarraituko dute, pandemiara egokituz. Asteburu honetan, Turistreatzen emanaldia eskainiko dute Felix Gabilondo plazan, 18:00etan. Euskaraz izango da eta ordubeteko iraupena izango du antzerkiak. Edukiera mugatua izango da, eta ezingo da aldez aurretik sarrerarik eskuratu, horregatik, Donostia Kulturak eserlekuak hartzeko garaiz iristea gomendatu du.
Lierni Fresnedo eta Jon Rodriguez aktoreek antzeztuko dute umorezko ikuskizuna. Bertan, bidaia birtualen agentzia eta emakume baten inguruko istorio bat kontatuko dute. Bidaia agentziak informazio postu bat jarri du kalean azken produktua herritarrei erakusteko: «bidaia birtualak bakoitzaren nahietara sortuak». Zozkatu duten bidaia birtuala etxetik gutxi ateratzen den etxekoandre batek jaso du, eta haren fantasietan oinarrituz antolatu dute bidaia. Fantasia horiek, ordea, ez dira batere ohikoak.
Turistreatzen ez da antzerki taldeak asteburu honetan eskainiko duen emanaldi bakarra. Ostiral arratsaldean, sortu duten azken antzerkia egingo dute gazteleraz: Por hacer un favor. Lierni Fresnedo eta Santi Ugalde arituko dira aktore lanetan. Hauteskunde eguna baino hamabost egun lehenago, alderdi politiko bateko hautagaiak bizi duen beldur eszenikoak kanpainan eragiten dituen gorabeherak antzeztuko dituzte. Alderdiak coach batekin jarriko du harremanetan eta saio terapeutiko bat egingo dute elkarrekin. Ikuskizuna Loiolatarra kaletxoan egingo da 18:00etan. Emanaldi honetarako sarrerak agortu egin dira jada. Larunbateko emanaldirako, ordea, Felix Gabilondo plazara bertaratu beharko da eserlekua hartzeko. Ekitaldian parte hartzeko maskara nahitaezkoa izango da, 0-5 urte artekoentzat izan ezik.