Donostiak datorren urtean bat egingo du kerik gabeko hondartzen egitasmoarekin
Hainbat herrik bat egin dute Eusko Jaurlaritzak aurtengo hondartza sasoian abian jarritako kanpainarekin. Ondarretako hondartzan proiektu pilotu bat egiteko asmoa du Donostiako Udalak.
EAEko zortzi hondartzatan ez erretzea gomendatu dute. Eusko Jaurlaritzaren Kerik gabeko hondartzak egitasmoarekin bat egin dute Arabako Burgeluk, Bizkaiko Ibarrangeluk, Mundakak eta Lekeitiok, Gipuzkoako Zumaiak. Donostiako Udalak kanpainaren inguruko informazioa jaso zuen, baina bat egin aurretik aztertzea erabaki zuten. Dena dela, hedabide honek jakin ahal izan duenez, datorren urteko hondartza sasoian kanpainarekin lotura duen proiektu pilotu bat egingo dute Ondarreta hondartzan.
Zumaiako Udala da egitasmoa indarrean jartzea erabaki duenetako bat. Itzurun eta Santiago hondartzetan ez erretzeko gomendioa egin diete erabiltzaileei. «Egitasmoa bainatzeko eremu natural bat sortzeko asmoarekin abiatu da. Eusko Jaurlaritzak sustaturiko kanpaina da eta interesgarria iruditu zitzaigun, bai ingurumen aldetik eta baita osasun ikuspegitik ere», azaldu du Noelia Bastiasek, Zumaiako Udaleko ingurumen teknikariak.
Aisialdirako guneez gozatzea «osasunarekin eta ongizatearekin» bateragarria izan behar duela uste du Bastiasek. «Gainera, ingurumenaren erakargarritasun naturala handitzeko erabiliko da, eta zigarrokinak espazio horietan objektu kutsatzaile ohikoenak izan daitezen lortu nahi da. Hori guztia dela eta, udalak parte hartzea erabaki zuen; bi hondartzetan eta hondartzaren eremu guztietan, herriko bi hondartzek erabiltzaile kopuru handia dutelako».
Neurri egokia
Ekainaren 15ean hasi zen hondartza sasoia, eta Donostiako Udalak egitasmoaren berri izan zuen aurrez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailarekin izandako bileretan. «Osasunaren ikuspegitik, neurri egokia iruditzen zaigu. Era berean, zigarrokinek eragiten duten kutsadura gutxitzen lagunduko du. Momentuz, soilik gomendio bat da. Horrela, hondartzan daudenek libreki erabaki dezakete erre edo ez», adierazi du Hiri Mantentze zinegotzi Miguel Angel Diezek.
Aurtengo hondartza denboraldian Donostiak egitasmoa apal batean gordetzea erabaki du, baina baztertu gabe. «Donostiako hondartzetara ez doaz soilik donostiarrak. Probintziako, inguruetako zein kanpoko bisitariak datoz gure hondartzetara. Eremu zabalekoak dira, hainbat sarbiderekin, eta konplexua da horiek guztiek kontrolatzea. Beraz, zaila da erabiltzaile guztiei eskatzea hondartzan ez erretzeko», dio Diezek. Horrela ere, egitasmoa aztertzen ari da Ingurumen saila datorren urteko hondartza sasoiari begira. «Ondarretako hondartzan proiektu pilotu bat egiteko asmoa dugu, donostiarrek gehien erabiltzen dutena delako».
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du abian jarri duten kanpainak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea duela helburu. Hori dela eta, udalek eta aldundiek ez dute hondartzetan erretzearen inguruko zaintza lanik egiten. Hau da, ez erretzeko gomendatu duten hondartza horietan erre daiteke, eta horregatik erretzaileak ez dituzte zigortuko. Horrela ere, hondartzen sarreran kartel batzuk jarri dituzte, eta hondartzara sartzera doan edonork ikusteko eta informatzeko aukera du. Gainera, erabiltzaileen artean Kerik gabeko hondartzak egitasmoaren inguruko liburuxkak banatzen ari dira. Horrekin batera, hainbat asteburutan hezitzaileak egongo dira hondartzetan kanpainaren berri emateko. Sorosleek ere egitasmoaren inguruko informazioa emango dute.
Zigarrokinen kutsadura
Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzak goizero garbitzen dira, eta zigarrokin asko jasotzen dituzte. Ordea, udalak ez du kopuruaren inguruko datu zehatzik. «Gure hondartzetan lurperatzen diren tabako zigarrokin kopurua zenbatzea ezinezkoa da. Goizero garbiketa makinek hondartzak orrazten dituzte zortzi eta hamar zentimetroko sakoneran. Biltzen dituzten hondakin guztiak, bereizi gabe, errefusaren edukiontzira doaz. Garbitzaileek ere gauza bera egiten dute. Beraz, zigarrokin kopuru zehatza jakitea ez da posible. Bere garaian udalak kono formako hautsontziak banatu zituen, eta batzuek oraindik erabiltzen dituzte», azaldu dute udaleko iturriek.