Euskara eta hirigintza
Ekainean Bagera Elkarteak antolatutako Euskara eta hirigintza mahai-inguruan hainbat gai izan genituen hizpide: hirigintza eta euskara nola uztartzen diren, hirigintza planek euskararen erabileran duten eragina, Añorgako proiektuaren kasu analisia eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) zein aukera irekitzen dituen. Bertan jorratutako gaiak hartuta gure hausnarketa partekatu nahi dugu.
Lurralde antolaketak eta hirigintzak harreman zuzena dute hizkuntza dinamikekin. Hizkuntza politikak urteak daramatza lurraldearen ikuspegia kontutan hartzen. Hirigintzatik, ordea, orain arte ez da gehiegi kontuan hartu hizkuntzaren aldagaia.
Espazio bat modu batera edo bestera diseinatzeak zerbaiten edo norbaiten mesedetan jardutea dakar. Hirigintza proiektu bat egiten denean espazio horretan izan ditzakeen eraginak ebaluatzen dira. Hizkuntzaren arloko azterketa egiteko ELEa egiten da eta aukera irekitzen du hirigintza proiektuetan euskara erdigunean kokatzeko. Hala ere, ebaluazio hori egitea ez da loteslea baina proposatzen diren neurri zuzentzaileek eragina izan dezakete amaierako emaitzan. Horretarako, borondate politikoa funtsezkoa da.
Euskara bezalako hizkuntza gutxituek osasuntsu iraungo badute, lurralde antolaketatik egiten diren hirigintza planek aldagai bezala kontutan hartu behar dute hizkuntza, ingurumena eta generoarekin egiten den bezala. Finean, askotariko ikuspegitatik landu behar da hirigintza, zeharlerro gisa aldagai ezberdinak kontuan hartuz; hiria espazio soziala delako eta herritarron bizitzetan zuzenean eragiten dutelako hartzen diren erabaki politikoek eta martxan jartzen diren proiektuek.
Donostiak azken hamarkadetan jasandako bilakaera urbanistikoak hiri eredu jakin bati erantzuten dio. Herritarron eguneroko beharrak asetuko dituen hiri eredua behar dugu, komunitatea eraiki eta harreman sareak sortzeko espazioak izango dituena. Espazio beteak, biziak eta bizigarriak. Bertan bizi garen herritarron ongizatea eta garapenerako aukerak erraztuko dituena. Horretarako, ezinbestekoa da hirigintza jasangarri bateranzko jauzia ematea. Ezin da gehiago alboratu berezko hizkuntza eta bertan bizi den hiztun komunitatea.
Hau guztia esanda, eta aurrekoaren baldintza moduan, instituzioen aldetik borondatea balego, aukera legoke hirigintza proiektuetan hizkuntzaren aldagaia kontuan hartzeko. Bageran argi dugu bide horri ekin behar zaiola hizkuntza bizi bat nahi dugulako hiri bizigarri batean.