San Ignazio eguna ospatzea erabaki dute
Loiolako jai batzordeak goizetik iluntzerako egitaraua prestatu du biharko. Azken unera arte kolokan egon da ospakizuna, baina auzotarren babesarekin aurrera egin dute.
Pandemiak eragindako ezinegonak eta ziurgabetasunak jaien antolakuntza nabarmen zaildu dute. Loiolako jai batzordeak aurtengo San Ignazio eguna ospatzeko zalantza asko izan ditu. Horrela ere, biharko antolaturiko jarduerak mantentzea erabaki dute. «Beldurra dago kalean, eta pentsatzen genuen auzotarrek ez zutela San Ignazio eguna ospatu nahiko. Ordea, Jazzaldia egin dutenez eta udalak abuzturako 200 jarduera baino gehiago antolatu dituenez, gure egitarauari eutsiko diogu», azaldu du Andoni Zulaikak, jai batzordeko kideak.
Hasierako asmoa mantentzea zuten helburu, eta lortu dute. «Gutxienez, San Ignazio egunean zerbait egin nahi genuen, eta horrela izango da». Gutxi dira biharko antolatu dituzten jarduerak, eta gainera zertxobait murriztu behar izan dute egitaraua. 10:30ean txistulariek ohiko diana egingo dute Loiolan zehar. Ondoren, haurrentzako eskulan tailerrak egongo dira Latsarien plazan. Auzoko erraldoi eta buruhandien ikuskizuna leku berean egingo dute, 13:30ean.
Herri bazkaria ere ez da faltako. 14:30ean elkartuko dira frontoian. Bakoitzak eraman beharko du janaria eta edaria, eta mahai bakoitzeko sei pertsona eseri ahal izango dira. Bukatzeko, 18:00etan hasita, kontzertuak egongo dira Latsarien plazan. Andoni Ollokiegi bakarlariak eta Herenegun taldeak joko dute.
Antigeno testak
Eguna lasaitasunez gozatu ahal izateko auzotarrei eskatu diete antigeno testak egiteko. Antolatzaileek hori bera egingo dutela adierazi dute. Horrekin batera, uneoro segurtasun neurri orokorrak mantendu beharko direla ohartarazi du jai batzordeak: 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea, maskara janztea eta eskuak sarritan garbitzea.